Euskarazko Produktuen Katalogo berria banatu dute haur eta gazteentzako milaka produkturekin

Barren.eus 2020ko aza. 30a, 19:30

Gurasoentzat eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzat ehunka erreferentzia biltzen ditu euskarazko produktuen katalogoak. Aurtengoa katalogoaren 22. edizioa da.

Urtero bezala, Elgoibarko Udalaren Euskara Sailak Euskarazko Produktuen katalogoaren edizio berria banatu du Ikastolako eta Herri Eskolako ikasleen artean, modu horretan, gurasoengana ere irits dadin.

Urte garai honetan euskarazko liburuak, jolasak, musika edota bideoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, gurasoentzat eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzat ehunka erreferentzia biltzen ditu katalogoaren aurtengo edizioak: musika, DVD filmak, informatika, aldizkariak, liburuak, jostailu eta jokoak, gurasoentzako produktuak… Gainera, produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa ere egiten da.

 • katalogoa.eus webgunean ia 11.000 euskarazko produktu

katalogoa.eus urte osoan berritzen doan webgunea da, argitaratu berriak sartuz, deskatalogatu direnak kenduz eta, beraz, etengabe hazten ari da jasotako erreferentzien kopurua. Paperezko edizioak bezala, katalogoa.eus web-orriak ere bi atal nagusi ditu: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua bata, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua bestea. Erabiltzaileak produkturen bat begiz joz gero, argitaletxearen denda birtualera sartzeko manera izango du ‘non eskuratu’ botoian klikatuta.

 • Nobedadeen segimendua sare sozialen bitartez edota buletin elektronikora harpidetuz

Urtean zehar argitaratzen diren produktuen berri izan nahi duten interesatuek, Facebook-en bitartez jarraipena egiteko aukera izango dute. Gainera, katalogoa.eus web-orriak buletin elektronikora harpidetzeko bidea ere ematen du, argitaratu berri diren hainbat produkturen erreferentziekin. Azken finean, horixe baita katalogoa.eusen helburua: merkatuan aurki daitezkeen euskarazko produktuak erabiltzaileen eskura modu erraz batean jartzea.

Katalogoa sarean kontsultatzeko bi aukera daude: katalogoa.eus webgunean edota Elgoibarko Udalaren webgunean, hain zuzen, Euskara Sailaren atalean.