1.499 elgoibartarrek eta 239 mendaroarrek eman dute izena Euskaraldia ariketan

Barren.eus 2020ko aza. 25a, 16:56

Euskaraldiaren bigarren edizio honetan, 1.499 elgoibartarrek eta 239 mendaroarrek eman dute izena, lehen edizioan baino 304 eta 81 lagun gutxiagok, hurrenez hurren. Izena ematea jaitsi egin da, baina bai Elgoibarko Euskaraldia Taldea eta baita Mendaroko Euskara Batzordea ere oso gustura daude herritarrek ariketari erakutsi dioten atxikimenduarekin.

Bizi dugun pandemia egoerak eragin handia izan du bigarren edizioa jenderatzeko orduan, baina, zailtasunak zailtasun, herritarrek egoki erantzun diotela baloratu dute antolatzaileek.

Rolei dagokionez, 1.084 Ahobizi (%72) izan dira Elgoibarren, eta 415 (%28), Belarriprest. Generoari dagokionez, berriz, bigarren edizioan ere desoreka handia egon da, zertxobait apaldu bada ere: ariketan parte hartu dutenetako 888 emakumeak izan dira (%59), eta gizonezkoak, 611 (%41). Adin tarteari erreparatuz gero, berriz, hiru adin-tarte bereiztu ditu Elgoibarko Euskaraldia Taldeak:

  1. 16-30 urte bitartekoak (290 lagun, %19),
  2. 31 eta 50 urte bitartekoak (703 lagun, %47)
  3. 51 urtez gorakoak (467 lagun %31)

Euskaraldirako izena eman duten entitateak, berriz, 104 izan dira Elgoibarren, eta guztira, 419 arigune sortu dira entitate horietan.

Mendaron, 239 lagunek parte hartu dute Euskaraldia ariketan: 153 emakumek (%64) eta 86 gizonek (%35). Genero desorekak, beraz, duela bi urteko mailan mantendu da. Rolei dagokionez, berriz, 180 Ahobizi izan dira (%75), eta 59, Belarriprest (%24).