Euskarari ekarpen bikoitza egingo dio Errigorak aurtengo udazkeneko kanpainan

Barren.eus 2020ko urr. 21a, 09:34

Urriaren 24an hasiko du Errigorak Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina, eta aurten, saski bakoitzeko 5 euroko ekarpena egiteko eskatuko die herritarrei, AEK-ri, Seaskari eta Sortzeni emateko, Korrika atzeratzeak, Herri Urrats bertan behera geratzeak eta Sortzenen jaia egin ez izanak eragindako diru-galerak arintzen laguntzeko.

 

Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz. Egunetik egunera gero eta zabalagoa den komunitate batek ematen dio gorputza ekimenari; "Ilusioz eta anbizioz ari garen herritar, nekazari, ekoizle, euskaltzale eta kontsumitzaileez osatutako sare anitz batek", dio Errigoraren aurkezpen-orriak. Bi kanpaina egin ohi dituzte: udaberrian, Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina, Nafarroa hegoaldeko oliba-olioa eta kontserba-sortak eskaintzeko, eta udazkenean, Nafar hegoaldeko uzta Euskarari puzka kanpaina, Nafarroa hegoaldeko produktuz osatutako saskiak banatzeko. Bigarren kanpaina horretan batzen den diruaren %25 Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari laguntzeko izaten da. Aurten, baina, ekarpen bikoitza egingo dio euskarari Errigorak. Izan ere, 5 euroko ekarpen gehigarria egiteko eskatuko dute AEK-ri, Seaskari eta Sortzeni emateko, Korrika atzeratzeak, Herri Urrats bertan behera geratzeak eta Sortzenen jaia egin ez izanak eragindako diru-galerak arintzen laguntzeko. Beraz, saskien balioaren %25 + 5 euroko ekarpena egin nahi dio Errigorak euskalgintzari urriaren 24tik azaroaren 12rako kanpainan.

Udazkeneko kanpaina honetan hiru saski izango dira aurten aukeran: beltza, berdea eta zuria, eta 5 euro gehiagoren truke, saski bakoitzarekin opari bat jasoko dute herritarrek. Saski beltza eskatzen duenak, Korrikaren katilua; Berdea eskatzen duenak Seaskaren egutegia eta zuriarekin batera De ereduaren haziak banatuko dituzte. Errigoraren webgunean egin beharko dira eskaerak, baina kanpaina zabaltzearekin batera jarriko dute martxan horretarako aukera.