Korrika 2022ra atzeratu du AEK-k, pandemiagatik

Barren.eus 2020ko urr. 16a, 16:03

 

 
2021eko Korrika ez da egingo. 2022an egingo dute. Egoerak behartuta hartu dute erabakia Asier Amondo Korrikako arduradunak eta Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak Donostiako San Telmo museoan egindako ekitaldian jakinarazi dutenez. AEK-k ez du ikusten epe laburrean egoerak hobera egingo duenik, ez behintzat Korrika bere ohiko formatoan egiteko bestean. "Bizi dugun egoerak argi erakutsi digu apalak eta zuhurrak izan behar dugula, eta, beraz, erabakirik onena delakoan gaude". Erabaki zaila izan dela aitortu dute. "Erabaki latza da, euskarren aldeko ekitaldirik jendetsuena eta zirraragarriena ez dugulako orain izango, eta badakigulako euskararen aldeko bultzada ezin dela apaldu". Korrikak duen garrantziaz ere jakitu dira antolatzaileak eta horregatik esan dute beharrezkoa dela Korrika denek nahiko luketen baldintzetan egitea. "Ezin da ordezko eskas bat egin. Izan ere, euskarak bezala, Korrikak kalea behar du, bizia, mugimendua; eta hori errepidera ateratzen direnek ematen digute, kalera irteten direnek". Kolpe handia izango da AEKrentzat aurten Korrika ez egitea, Korrikan batzen den dirua ezinbestekoa dutelako euskaltegiek aurrera egiteko. Horregatik ohartarazpen bat ere egin dute: "Inbertsioak handitu behar dira. Administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez dira nahikoak, urratsak egin badira ere norabide egokian"