Urriaren 4an itxi zen entitateen izen-ematea, eta Elgoibarren 104 izan dira izena ematen duten entitateak. Hona hemen sektoreak aintzatu hartuta izan den izen-ematea:
- Udala, Udalaren ardurapekoak eta bestelako entitateak: 12 entitatek eman dute izena ( dauden entitateen % 70ak).
- Hezkuntzakoak eta euskaltegiak: 9 entitate ( % 50).
- Elkarteak eta bestelako gizarte-mugimenduak: 15 entitate ( % 15)
- Merkataritza eta ostalaritza: 57 entitate (% 20).
- Enpresak eta industria-mundua: 12 entitate ( % 4,50)
• 419 arigune Elgoibarren
Ariguneei dagokienez, 419 arigune sortu dira guztira (entitateetan euskaraz lasai jarduteko sortu diren guneak edo taldeak dira ariguneak):
- 257 barne-ariguneak dira (entitateetako barne-funtzionamenduari lotuta dauden gune edo taldeak).
- Kanpo-ariguneak, berriz, 164 dira (herritarrekin harremanetan dauden gune edo taldeak dira kanpo-ariguneak).
Sortu diren 419 arigune horietan 2.044 lagunek parte hartzen dute. 2.044 lagunek euskaraz lasai berba egiteko aukera izango dute, beraz, Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan.
Elgoibarko Euskaraldia Taldea pozik dago herriko entitateen aldetik izan duten erantzunarekin. "Hasiera batean geneukan lan-plana goitik behera aldarazi zigun COVID-19-ak, baina ahal genuena egiteko konpromisoa hartu genuen eta pozik gaude lortutakoarekin", esan dute.
• Norbanakoen izen-ematea
Orain, berriz, norbanakoen txanda da. Norbanakoek izena emateko epea zabalik egongo da azaroaren 19ra arte. Elgoibarko Euskaraldia Taldeak 16 urtetik gorako herritar guztiak animatu nahi ditu Ahobizi edo Belarriprest rola aukeratu eta izena ematera. "Lehen edizioan 1.803 elgoibartarrek eman genuen izena, eta ederra litzateke bigarren edizioan ere beste horrenbeste edo gehiago animatuko bagina ariketa egitera. Izan ere, euskararen alde egotetik euskaraz gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin egiteko gonbita edo proposamena da Euskaraldia. Animatu!"
- Norbanakoek izena emateko: www.euskaraldia.eus
Hona Elgoibarren izena eman duten entitateen zerrenda: