Euskaltegian matrikulatzen diren mendaroarrei diru laguntzak emango dizkie Udalak

Barren.eus 2020ko urr. 14a, 08:13

Aurten ere ez da euskara ikasteko talderik sortu Mendaron. Honenbestez, herritarrek beste herri bateko euskaltegira joan beharko dute, eta Udalak dirulaguntzak emango dizkie.

2020-2021 ikastaroan ere Mendaroko Udalak UEMArekin elkarlanean euskara ikastaroak herrian bertan eskaintzeko baliabideak jarri zituen. Horretarako gutxienez bost ikasleko taldea osatu behar zuten, baina ez dute lortu. Izena eman dutenen ordutegiak eta euskara maila uztartzeko zailtasunak izan dituztela jakinarazi dute. Ondorioz, ikasturte honetan ez da euskara ikastarorik izango Mendaron. Udalak, ordea, dirulaguntzak lortzeko aukera emango die beste herrietako euskaltegietara jotzea erabakitzen duten herritarrei. Dirulaguntza hauen helburua euskararen normalizazioa sustatzea dela nabarmendu dute. Matrikula kostuaren %80a arte ordainduko dute, eta ikasturteko 300 euroko laguntza emango dute, gehienez. Laguntzatik kanpo geratuko dira garraioa eta ostatu gastuak. Era berean, dirulaguntzen onuradun izateko ezinbestekoa da Mendaron erroldatuta egotea, gutxienez urtebetean eskaera egin aurretik, eta Udalarekin betebeharrak egunean izatea. Bestalde, nahitaezkoa da gutxienez eskolen %80ko asistentzia edo ikasturtean gutxienez HABE maila edo azpimaila bat gainditzea, eta egin beharreko ebaluazio-probak egitea.

Dirulaguntza eskaera epea itxita dago, irailaren 1etik 15era izan baita. Zalantzarik izanez gero, jarri Udalarekin harremanetan, bulegora joanda astelehenetik ostiralera 8:00etatik 14:00etara edo 943 033 282 telefono zenbakira deituta.

∞Lotura duten albisteak: