Elkarrekin ekin diogu Elgoibarko euskalgintza eta kulturgintza biziberritzeko bideari

Barren.eus 2020ko urr. 9a, 09:23

Elgoibarko euskalgintza eta kulturgintza biziberritzeko lehen ahalegin kolektiboa izan dira aurtengo ‘Euskara ala ezkara’ jardunaldiak. BARREN aldizkariak gehigarri berezi batean jaso ditu jardunaldiko ondorioak zein proposamenak eta parte hartu zuten zenbait eragileen inpresioak.

2008az geroztik, Gotzon Garate zenaren oroimenez prestatu eta antolatu ohi dituzte jardunaldiok Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak eta Elgoibarko Udalak elkarlanean. Aurten, iaz bezala, Dijitalidadea enpresak ere parte hartu du antolakuntzan eta IMH eta Makina Erremintaren Museoaren laguntza ere izan dute, bai eta Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren babesa ere.
Berezia izan da aurtengoa, hala ere. Batetik, COVID- 19aren pandemiaren eraginez neurri zorrotzak hartuta egin behar izan zirelako jardunaldiok, eta bestetik, elgoibartarrek aurrekoetan baino kopuru handiagoan parte hartu dutelako aurten. Izan ere, aurten, herrikoak zeuden deituta. Elgoibarren euskalgintzan eta kulturgintzan diharduten adin eta pentsaera askotariko 52 lagun batu ziren guztira zapatuan IMHn. Talde txikitan jardun ziren lanean goiz eta arratsalde: goizean, herriko euskalgintzaren eta kulturgintzaren egoeraren diagnosia bateratzen eta adosten, eta arratsaldean, kulturarentzat Elgoibarren nahiko luketen markoa irudikatzen. Lehen pausoa eman zuten, eta ibilian jarraitzeko konpromisoa hartu ere bai.

Zer egingo dugu euskarak eta kulturak aurrerapen nabarmenak egin ditzaten Elgoibarren hurrengo urteetan?. Ez da galdera erraza, ez da egiteko samurra, baina ahaleginak merezi duelakoan abiatu ziren Elgoibarko Izarra eta Elgoibarko Udala lan-prozesu honetan duela bi urte, hein batean Dijitalidadea enpresako Gotzon Barandiaran idazle eta kulturgileak (Larrabetzu, 1974) proposatuta. Harreman estua izan du azkeneko urteotan Barandiaranek Elgoibarrekin. Elgoibarko euskararen ondarea biltzen duen Elgoibarreraz.eus atari digitalaren sortzailea da, bai eta Euskaraalaezkara.eus atariarena ere, izen bereko ekimenean pilatu den pentsamendua jaso, bildu eta gizarteratzeko asmoz sortutako atariarena. Eta berak eman zion zapatukoari hasiera ere, Maialen Gurrutxaga Udaleko Euskara zinegotziaren eta Iñaki Konde Elgoibarko Izarrako presidentearen atarikoen ondoren.

2020 10 09 liburu zuria azala elgoibar 1
 • Kuaderno zuria
Lehen bultzada izan zen Barandiaran lan-prozesu honetan, eta berak proposatuta etorri da Elgoibarrera 30 bat urtean Susako editore izan den Gorka Arrese (Zarautz, 1965), lehenengo gida dokumentua idaztera: kuaderno zuria. Elgoibarko euskalgintzaren eta kulturgintzaren sistema osatzen duten eragileak elkarrizketatu ditu Arresek eta kuaderno zurian bildu ditu erantzun guztiak: 1.900. Liburu Zuria izango denaren abiapuntua da kuaderno zuria, eta hasieran formulatutako galderari erantzun ahal izateko erreminta izango da Liburu Zuria. Hiru gauzatarako izan nahi du lagungarri: egindakoak analizatzeko eta deskribatzeko; ahalmenez eta ahultasunez kontzientzia hartzeko, eta egoki antolatzeko eta asmoak proiektatzeko. Lan prozesu honen nondik norakoak aletu zituzten Arresek eta Barandiaranek zapatuan eta azpeitiarrak ere gonbidatu zituzten IMHra, Azpeitiko Kultur Mahaiaren eta haren egiteko moduaren berri ematera. “Emaitza ona ematen ari den eredua da Azpeitikoa; eurei funtzionatzen diena eta gehiago zabaltzea merezi duena”, arrazoitu zuen Barandiaranek.
 • Hizkuntza eta kultura: bat ezin da bestea gabe
“Ekosistema bereko organismoak dira kultura eta hizkuntza, bat ezin da bestea gabe”, jaso du Gorka Arresek kuaderno zuriaren hitzaurrean: “Guri iruditzen zaigu euskararen erabilera ez dela zabalduko, kulturaren praktika bizkortzen ez bada errekako ur freskoa bezala. Aldi berean, kulturgintzak ez du osasuntsu irauteko aukerarik izango, baldin eta euskarari ematen ez badizkiogu behar dituen argia eta indarra”. Hor abiapuntua, lehen premisa; hor marko teoriko bat. Eta horri lotuta, bi ohartarazpen, Barandiaranen ahotan. Bat: “Euskaldunok ez dugu astirik hartzen zer egin dugun aztertzeko. Etengabe ari gara egiten, baina ekin behar horrek askotan eragozten digu atzera begiratzea eta ez dugu astirik hartzen elkarrekin zer egin dugun ikusteko, ez eta horrenbeste lan egin ondoren gure ametsak zergatik ez diren gauzatu aztertzeko ere”. Eta bi:“Euskaldunok ez dugu ezagutzen gure ondarea. Gure kulturari eta gure hizkuntzari bizkarra emanda bizi gara”.

Jardunaldiari buruzko gehigarria BARREN aldizkariaren 1176. zenbakian -PDF- irakur dezakezue osorik