Euskaraldian norbanako gisa izena emateko epea zabalik dago

Barren.eus 2020ko ira. 25a, 15:04

Eguenean egin zuten Euskaraldiaren bigarren edizioan izena emateko Euskal Herri mailako irekiera ekitaldia, Bergarako Seminarixoan. Norbanakoek euskaraldia.eus webgunean edota mugikorrerako sortu duten aplikazioan eman dezakete izena, ahobizi edo belarriprest moduan. 2020ko Euskaraldiko bideoklipa ere aurkeztu dute, gainera.

 Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo duten Euskaraldiaren bigarren ediziorako entitateek ariguneetan izena emateko epea izan dute orain artean –domekan amaituko da–. Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak azaldu duenez, epea ixteko egun gutxiren faltan, 4.300 entitatek edo entitatetako egoitzek eman dute izena. Guztira, 13.000 arigune baino gehiago sortu dituzte orain arte; eta horietako gehienak barne-ariguneak direla azaldu du Illarok.

 • 'Ahobizi' eta 'belarriprest' rolak
Norbanakoek izena emateko txanda izango da hurrena. Lehen edizioan bezala, ahobizi eta belarriprest rolak hartzeko aukera izango da oraingoan ere, eta, herritar soilez gain, ariguneetan izena eman duten entitateetako ordezkariek ere norbanako gisa eman beharko dute izena. Horren harira, koordinatzaileak gogora ekarri nahi izan du rol bakoitzak ez duela "hizkuntza gaitasuna" adierazten, "ariketa egiteko jokabidea baizik". Euskaraldia.eus webgunean edota mugikorrerako sortu duten aplikazioan izena ematera gonbidatu dituzte euskal herritarrak.

Euskal Herri mailako izen-emate irekiera ekitaldia egin zuten eguen arratsaldean, Bergarako Seminarixoan. barren.eus-en ekitaldia zuzenean jarraitzeko aukera izan zenuten streaming bidez. Ikusi ezin izan bazenuten, Goiena telebistak sarean jarri du ekitaldia, osorik. Hemen ikus dezakezue.

 • Bideokliparen estreinaldia
2020ko Euskaraldiko bideoklipa estreinakoz ikusteko aukera izan dute parte-hartzaile zein ikus-entzuleek. Broken Brothers Brass Band talde iruindarrak sortu du bigarren Euskaraldiaren abestia. Hitzak Sustrai Colina bertsolariak jarri dizkio eta Skabidean taldeko Lorena Aisa, Claudia Rodriguez eta Idoia Tapia abeslariek jarri diote ahotsa.