Elgoibarko AEK euskaltegiak egoitza berria estreinatuko du gaur

Barren.eus 2015ko ira. 17a, 06:38

Elgoibarko AEK euskaltegiak prest dauka ikasturteari ongietorria emateko egoitza berria. Gabriel Kurutzelaegi kaleko 10. zenbakian (Toletxegain tren geltokiaren parean) duten lokal berriaren inaugurazio ekitaldia egingo dute gaur (irailak 17).

Plaza Txikiko Aita Agirre eraikinean zeuden hainbat Elkarte eta talde lekualdatzen dihardu Elgoibarko Udalak, eraikina egoera onean ez dagoela-eta. Hala, Egur Arte Tailerrekoentzat eta AEK euskaltegikoentzat lokal berriak bilatu behar izan dituzte. Lehenak merkatu plazara joan dira, eta AEK euskaltegikoak, berriz, Gabriel Kurutzelaegi kaleko 10. zenbakian dute egoitza berria. Gaur egingo dute, hain justu ere, lokal berriaren inaugurazio ekitaldia, 19:00etatik aurrera.

2015 09 17 aek euskaltegia25urte2007

• 30 urtetik gora plaza txikian

AEK euskaltegiak makina bat urte egin ditu Plaza Txikian. Helduen Euskalduntze-Alfabetatzea Elgoibarren (1956-2000). 44 urteko Historia izeneko Elgoibarko Izarraren liburuan jasota dagoenez, 1982ko azaroan, AEKren gau-eskolak Correoseko etxean (gaur Kultur Etxea dena) jarraitu zuen eskolak ematen baina Udalak lokalak kendu zizkien (lokala Udalarena zen) eta pare bat urtez eskolak han eta hemen ematen jardun zuten AEK-koek. Plaza Txikian, Pedro Muguruzako eskoletan eta Madalako etxe batean (gero Gaztetxea izan zena) ematen zituzten eskolak. Materiala ere batetik bestera ibiltzen zuten eta klaseak ere etxean prestatu behar izaten zituzten.

Azkenean, 1987-1988an Plaza Txikiko lokala lortu zuten. Lokal honetan Udal Artxiboa zegoen baina abandonaturik zegoenez, AEK-k lokala eskatu zion Udalari eta orduko HBko bi zinegotziri esker lortu zuten lokal hau. Harrez gero Plaza Txikiko lokaletan eman ditu eskolak AEK-k. Aurrerantzean, baina, Gabriel Kurutzelaegi kalean jarraituko dute euskara irakasten. (Elgoibarko AEKk 25 urte bete zitueneko erreportajea BARREN aldizkarian)