Uztailaren 24ra arte eman daiteke izena ‘Euskara ala Ezkara’ jardunaldirako

Barren.eus 2020ko eka. 26a, 08:50

Euskara ala Ezkara jardunaldiaren beste edizio bat antolatzen ari dira Elgoibarko Izarra eta Elgoibarko Udala elkarlanean urrirako, eta dagoeneko zabaldu dute izena emateko epea.

 'Euskara ala Ezkara Elgoibarren?' izango da aurtengo gaia, eta Elgoibarko euskalgintzaren eta kulturgintzaren diagnosi bateratua eta adostua egitea da helburua: Indarguneak eta ahulguneak identifikatu eta hobetzeko dauden aukerak aztertuko dituzte, besteak beste.

Urriaren 3an izango da aurtengo jardunaldia Aita Agirre kulturgunean, eta 80 bat lagunentzako lekua aurreikusi dute. Antolatzaileek aurreratu dutenez, egun osoko jardunaldia izango da seguruenik.
Interesatuek uztailaren 24a baino lehen eman beharko dute izena, ondorengo bide hauen bidez: elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus / 943 741 626 / euskara@elgoibar.eus / 943 744 366.

2008an ekin zioten Euskara ala Ezkara zikloak antolatzeari, Gotzon Garate hil zen urte berean, hain zuzen ere. Ordutik, euskarari eta euskal kulturari lotutako gaiak (toponimia eta berbetia, kultura tradizionala, Nafarroa eta Iparraldea (kultura, historia...) kantagintza, euskara ingurune digitalean, euskalgintza eta feminismoa, kulturgintza... plazaratu dituzte urtero-urtero, eta saiatu dira euskararen lurralde guztietako errealitateak gurera ekartzen.

2020 06 26 EuskaraalaezkaraPROMOA elgoibar

∞Lotura duten albisteak