• Koronabirusak Euskaraldia ere kutsatu du, ezta?
Bai, Euskaraldia ere ez da zorioneko birusaren atzaparretatik libratu. Hasita geunden bigarren edizioa herriko entitateei aurkezten, baina, bat-batean, dena bertan behera laga behar izan genuen.
• Pena, ezta?
Bai, pena eman zigun, besteak beste, prestakuntza-lan handia egin genuelako. 40 laguneko aurkezle-sarea ere prest geneukan Elgoibarko entitateetara joan eta Euskaraldiaren bigarren edizioa aurkezteko. Energia eta ilusio asko bildu genuen gure lana ondo egiteko, baina… Hala ere, gurea ez da ezer ere koronabirusak jendartean laga(ko) dituen ondorioekin alderatzen badugu.
• 'Etxealditik Euskaraldira' ekimena prestatu duzue itxialdirako. Zergatik?
Topagunetik heldu zitzaigun proposamena. Itxialdian Euskaraldiaren sugarra nolabait piztuta mantendu nahi zen. Etxean egon behar badugu, zergatik ez dugu etxeko hizkuntza-ohituren gaineko gogoeta egiteko aprobetxatzen? Saiatuko al gara etxekoekin ditugun hizkuntza-praktikak euskararen mesedetan aldatzen? Hori zen helburua. Elgoibarren gure zalantzak izan genituen, ez genuelako argi ikusten jendea horrelako proposamen bati kasu egiteko une egokienean zegoenik, baina egitea erabaki genuen.
• Zer moduz irten da?
Sare sozialetan jendeak jarraitu du ekimena, eta whatsapprofil dezentetan ikusi dugu Etxealdiko ikurra. Gainera, Euskaraldiko koloredun puntuak ere ikusi ditugu han eta hemen etxeetako leiho eta balkoietan. Baina ez dakigu zenbat etxe edota familiatan egin den hizkuntza-ohituren gaineko gogoeta; ez dakigu zenbat etxetan egin den bertako hizkuntza-praktikak aldatzeko ahalegina. Edozein modutan, Elgoibarren guk nahi baino eragin txikiagoa izan duela esango nuke.
• Buelta gaitezen Euskaraldiaren bigarren ediziora. Noiz eta zelan berrekingo diozue?
Oraintxe dihardugu zelan berrekin pentsatzen. Badirudi osasun krisiaren okerrena pasa dela, eta, Talde Eragilea eta aurkezle-sarea osatzen duten jendea prest badago, hasi egingo gara lanean, poliki-poliki bada ere. Udako oporren aurretik egon nahi dugu entitateekin bigarren edizioaren berri eman eta gauzak lotzen hasteko, baina badakigu entitate batzuk egoera txarrean daudela, eta haien egoerarekiko ahal dugun sentsibilitate handienaz lan egin nahi dugu.
• Kasu egingo al diote entitateek Euskaraldiari? Haien ardurak ez al dira beste batzuk izango?
Ez dakit. Hori da gure kezka nagusia. Galdetu egingo diegu eta ikusiko dugu zer erantzuten diguten. Batzuk, zoritxarrez, zulo beltz honetatik zelan irtengo diren pentsatzen egongo dira. Beste entitate batzuentzat, berriz, errazagoa izango da egoerari aurre egitea.
• Nahi eta ahal dutenekin lan egitea izan daiteke aukera bat, orduan?
Bai, hala izango da, derrigorrean. Nahi ez duenarengana ez gara joango, eta ezin duenarengana ere ez. Egoera erraza ez bada ere, gustura bilduko gara Euskaraldia ariketa egin nahi eta horretarako aukera duten Elgoibarko entitateekin.
• Egingo da, orduan, ariketa udazkenean?
Hori da asmoa. Lan-egutegia moldatuta, baina hasierako ideiari eustea da gure buruetan dagoena. Udazkena, hala ere, urruti dago oraindik, eta ikusiko dugu zer bilakaera izaten duen nozitzen ari garen osasun- eta ekonomia-krisiak. Izan ere, gauza bat da guk zer nahi dugun, eta beste bat zer egiteko moduan izango garen. Geroak esango digu.