"Etxealditik Euskaraldira" ekimenarekin bat egin eta film emanaldi bateratua proposatu dute EiTB, TOKIKOM eta Topaguneak

Barren.eus 2020ko api. 27a, 11:57

TOKIKOM toki komunikabideen bateraguneak eta EiTBk duten akordioa oinarri, euskarazko bi film emitituko dira eguaztenean, aldi berean, Euskal Herriko telebistetan: 'Elkano: lehen mundu bira' eta 'Gartxot'.

Euskarazko bi filmen emisio bateratua. Horixe da Euskaraldiak martxan duen ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenarekin bat eginez, EiTB, TOKIKOM eta Topagunearen eskutik gauzatuko den proposamena. TOKIKOM toki komunikabideen bateragunea eta EiTBren arteko akordioa izan da proposamenari oinarria eman diona. Akordio horren ondorioz, datorren asteazkenean, apirilak 29, euskarazko bi film ikusi ahal izango dira euskarazko toki telebistetan eta ETB3 katean, aldi berean.

Filmak, esan bezala, aldi berean emitituko dituzte: 16:00etan, 'Elkano: lehen mundu bira' ikusteko aukera egongo da, eta 21:00etan, berriz, 'Gartxot'.

  • Gartxot: konkista aitzineko konkista 2011. urtean Juanjo Elordi eta Asisko Urmenetaren agindupean egindako animaziozko filma da. Asisko Urmenetaren Gartxot komikian oinarritutako filma da, Arturo Kanpionek idatzitako Gartxot, Itzaltzuko Bardoa liburutik abiatutako komikia.
  • Elkano: lehen mundu bira berriz, 2019an estreinatutako animazio filma da, Angel Alonsok zuzendua. Jose Antonio Vitoria eta Garbiñe Losadak Juan Sebastian Elkanoren ibileratan oinarritu zuten filmerako egindako gidoia.

Emisio bateratuak ondoko telebistetan ikusi ahal izango dira:

  • 16.00etan “Elkano: lehen mundu bira” ETB3, 28 kanala, Erlo telebista, Goiena Telebista, Goierri Telebista, Hamaika Telebista, Kanaldude, Xaloa eta Oizmendi Telebistan eskainiko da. Telebistaz ez ezik, EiTB Nahieran eta TOKIKOMeko webguneen bidez ere ikusi ahal izango da lehen film hau. barren.eus webgunean ere ikusi ahal izango duzue streming bidez 'Elkano: lehen mundu bira'
  • 21:00etan “Gartxot” filma berriz, Erlo telebista, Goiena Telebista, Goierri Telebista, Kanaldude, Xaloa eta Oizmendi Telebistan ikusteko aukera izango dute ikus-entzuleek.

'Etxealditik Euskaraldira' ekimenak bezalaxe, hizkuntza eta ohiturak izan dira proposamenaren ardatz, eta “euskarazko ikus-entzunezkoez gozatzeko” eta “euskarazko ekoizpenen kontsumo-ohitura bultzatzeko” bat egin dute telebistek.

“Asteazkena ‘ikuslearen eguna’ izan ohi denez, zinera joan beharrean, zinea etxera ekartzea zen ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenaren baitan, herritarrei luzatu behar genien proposamena”, aurreratu du Euskaraldiko koordinatzaile Rita Aldabaldetrekuk. “TOKIKOM, EiTB eta Topagunearen eskutik datorren proposamenak egun horretako planteamendua borobildu eta osatu egiten du”.