'Etxealditik Euskaraldira' abiatu dute, etxean eta etxetik euskara gehiago eta gehiagorekin erabiltzeko

Barren.eus 2020ko api. 16a, 13:51

'Etxealditik Euskaraldira' dinamika abiatuko dute apirilaren 20an, hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko eta ekiteko. Etxean eta etxetik ditugun harreman-komunikatiboen inguruan pentsarazteko ariketa izango da.

Bizi dugun egoera kontuan izanda, etxean eta etxetik ditugun harreman komunikatiboetan euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko dinamika izango da 'Etxealditik Euskaraldira'. Astelehenean hasiko da, eta herri batzordeen sare sozialen bidez plazaratuko da, bereziki. Ekimenaren sustatzaileek espero dute azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldia prestatzeko ariketa baliagarria izango dela. Ekimenak bi helburu nagusi ditu: alde batetik, etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea; eta beste alde batetik, euskararen erabilera sustatzea. Hori egiteko, hiru fasetan banatu dute dinamika: hausnarketa fasea izango da apirilaren 21etik 23ra, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa proposamenena 24tik 30era, eta bukaerako ekitaldia maiatzaren 3an. 

Hausnarketa eta praktika bultzatzearekin batera, herritarrei digitalki zein fisikoki partehartzeko bideak zabaldu nahi dizkie ekimenak, eta ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenak herritarrei dei egingo die “ekimena bere egitera eta parte aktiboa” izatera. Horretarako, sare sozialen bidez zein fisikoki parte hartzeko bideak izango dituzte herritarrek. Ekimenak irauten duen artean, goizero-goizero Euskaraldiko facebook, instagram eta twitter kontuetan, ahobizi zein belarriprest Telegram kanaletan eta Euskaraldiko webgunean bideo labur eta mezu bidez emango dira ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimena gizarteratu eta parte hartzeko jarraibideak. Gainera, herriz-herri hedaturik dauden batzordeetako sare sozialen kontuetatik ere jarraitu ahal izango dira eguneroko argibideak.

Parte hartu nahi duten herritarrak ekimenean zehar sortutako bideoak edo ateratako argazkiak sareratzera animatuko ditu ekimenak. “Aukera honi helduz gero, bereziki garrantzitsua da @euskaraldia aipamena eta #EtxealditikEuskaraldira baliatzea guztiok guztion berri izateko eta Euskaralditik bilketa lana egitea ahalbideratzeko”, azaldu du Aldabaldetrekuk.

Etxeetan ere leiho eta balkoietan koloretako puntu bat jartzea eskatuko zaie partaide guztiei, ekimenean parte hartzen ari direla adierazteko bide bezala.