Errigoraren udazkeneko kanpainako eskaerak egiteko epea azaroaren 20an amaituko da

Barren.eus 2019ko aza. 5a, 14:08

Udazkenarekin batera, badator berriro ere Errigora. Zazpigarren urtez euskara eta Nafarroako hegoaldeko ekoizpena uztartzeko lanean ari da Errigora, eta aurten hiru saski eskainiko dituzte: betiko beltza, produktu ekologikoz osatutako berdea eta zuri berezia.

Nafarroa hegoaldeko produktuz osatutako saskiak eskatzeko aukera martxan da Errigoraren zazpigarren uztan. Hiru saski izango dira aukeran: beltza (50 euro), berdea (60 euro) eta zuria (70 euro). Eskaerak on-line egin daitezke errigora.eus webgunean sartuta. Eskaerak egitean, saskiak jasotzeko gune bat aukeratu behar da, eta gune bakoitzak saskiak jasotzeko egun eta ordutegi zehatzak izango ditu, eskaera egiterakoan ikusi ahal izango direnak. Elgoibarko kasuan, Ikastolaren eta AEK-ren bidez ere egin daitezke eskaerak. Ordainketa egiteko, berriz, bi modu daude: online, txartel bidez ordainketa aurretiaz eginda utzi ahal izateko, edota banaketa-gunean, eskura, saskiak jasotzeko egunean (kasurik gehienetan abenduaren bigarren astean izango da, baina e-mail bidez zehaztuko zaie eskatzaileei). 

 • Batutako diruaren zati bat Agerraldia ekimenerako
Aurtengo kanpainako berrikuntzarik nabarmena euskalgintzara bideratuko den dirua nola banatuko den da. "Orain arte egin modura, batzen den diruaren zati bat Nafarroa hegoaldeko AEKra, Ikastolen Elkartera eta Sortzenera bideratuko dugu. Baina zati bat Agerraldia ekimenarentzako izango da", adierazi zuten Errigorako kideek kanpainaren aurkezpen ekitaldian. Agerraldiak erromatarrek Ager vasconum bezala izendatutako lurraldean (Nafarroa hegoaldea eta inguruko eremua) euskara sustatzea eta bultzatzea ditu helburu. “Bide praktikoa eta eraginkorra egin nahi dugu, bertako euskaldunak eta euskaltzaleak protagonista eta sustatzaile izanen dituena, saretzean eta elkarlanean oinarritua, eta emaitza gisa jarduera eta ekintza zehatzak ekarriko dituena, euskararen ezagutza zabaltzeko, erabilera handitzeko eta aldeko jarrerak indartzeko”, esan zuten Agerraldiko sustatzaileek.

2019 11 05 errigora 7 kanpaina aurkezpena