• Elgoibarko Berbetiari buruzko ikastaroa emango duzu. Zer eskainiko duzu bertan?
Ez da ikastaro trinkoa izango, zortzi ordu besterik ez dira izango, eta, hortaz, Elgoibarko euskararen ezaugarri nagusiak izango ditugu hizpide, nahiko gainetik, azaletik begiratuta. Hizkuntzaren ataletan bereizita ikusiko ditugu: fonologia, deklinabidea, aditza, sintaxi-egiturak eta hiztegia. Elgoibarko berri-emaileen testuak eta entzungaiak ere izango ditugu ikastaroaren alde praktikoan.
• Lau saio izango dira, bi ordukoak. Nola egituratu dituzu saioak?
Aipatu ditudan atalen hurrenkera horretan eskainiko dut edukia, eta azalpen teorikoen artean tartekatuko ditut ariketa batzuk. Ezinbestean, etxeko-lan modura ere planteatu beharko ditugu ariketok.
• Zein tipologiatako hartzaileak aurreikusi dituzu?
Badakit BARRENeko kazetariak etortzekoak zaretela; hortik aparte, irakasleak eta euskararekin herrian lan egiten duten teknikari eta profesionalak espero ditut. Gaian interesa duten norbanakoak ere bai, jakina.
• Zein berezitasun dauka Elgoibarko berbetiak?
Berezitasun nagusia esango nuke mugako hizkera dela: Mendebaleko (bizkaierazko) eta Erdialdeko (gipuzkerazko) euskalkien artean, muga egiten duen hizkera da Elgoibarkoa, eta, horrenbestez, alde bateko eta besteko ezaugarriak ditu. Nahaste handia dago. Adibidez, mendebaldera egiten dugu jata eta jaku formen hasierako J- horren ahoskerarekin, eta doteta dogu aditz-formekin (eta ez det, degu), baina Erdialdeko euskalkira (gipuzkerara) egiten dugu esan diotaditz-formarekin (eta ez esan detsat/dotsat...) edo lagunarekin, lagunarentzat formekin (eta ez lagunagaz, lagunarendako).
• Zuk nola jaso duzu orain irakatsiko duzuna?
2007an argitaratu nuen liburua idazteko (Elgoibarko euskara. Berbak, egiturak eta irakurgaiak) datuak biltzeko lantalde bat osatzen lagundu zidaten Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak: Ibon Arriola, Irune Iriondo eta Ainhoa Lodoso aritu ziren lan garrantzitsu horretan; eta haien lanari esker, Elgoibarko auzo guztietako eta inguruko herrietako hiztunen datuak bildu ahal izan genituen. Gero, datu horiek guztiak erabiliz, etorri zen haien analisia eta ondorioak ateratzea, eta azkenik, liburua. Gero, oinarritzat liburu hori hartuta, unibertsitatean 2009an doktoretza-tesi modura aurkeztu nuen lan sakonago bat egin nuen, datu gehiagorekin, elkarrizketa zehatzagoekin, eta lanari ikuspuntu teknikoago eta akademikoagoa emanez. Lan horren ondorioa izan zen Elgoibarko ahozko euskara liburua, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak 2010ean elkarlanean argitaratu zutena, eta ikastaroaren oinarria izango dena.