Debabarreneko udalek “Euskaratik eleaniztasunera” eta “Desde el euskera al plurilingüismo” infografiak, Estilográfico enpresarekin elkarlanean sortu dituztenak, aurkeztu zituzten atzo, hilak 16, Eibarko udaletxean.
"Gure herrietako ume guztiek dakite euskara. Izan ere, guraso ugarik hizkuntza gorde edo ikasi dute eta orain seme-alabei transmititzeko ahalegina egiten dute. Beste askok, berriz, jatorriz erdaldunak izan arren, euskara ikasi eta garatzeko aukera eman nahi diete seme-alabei horientzat aberasgarria delako. Txikitatik hizkuntza bat baino gehiago ikastea onuragarria da, eta gainera, umeek erraz-erraz ikas dezakete hizkuntza bat baino gehiago aldi berean", adierazi zuten prentsa aurreko agerraldian.
Hala ere, gurasoek sarri izaten dituztela hizkuntzen ikaskuntza prozesuaren eta erabileraren inguruko zalantzak eta kezkak azaldu zuten. Horregatik, Debabarreneko udalek gurasoentzat lagungarri izan daitekeen materiala prestatu dute, oraingo honetan Infografia formatuan, whatsap bidez eta sare sozialen bidez zabaldu ahal izateko.
• Bi infografia
Bi infografia prestatu dituzte, bata euskaraz, eta bestea, gaztelaniaz. Euskarazkoa eta gaztelaniazkoa ez dira erabat berdinak, euskarazkoa euskaraz dakiten gurasoen kezka eta beharrizanei begira prestatu dutelako, eta gaztelaniazkoa, berriz, euskaraz ez dakitenen beharrei begira.
Material hau eskoletan ere erabiltzea nahi dute, irakasleek gurasoekin egiten dituzten bileretan bereziki, "oso lagungarri izan daiteke-eta euskarak eleaniztasunerako bidea errazten duela erakusteko", esan zuten.
Debabarreneko udalek (Elgoibar, Mendaro, Eibar, Mutriku, Soraluze eta Deba), publizitate eta diseinua lantzen duen Eibarko Estilográfico enpresaren laguntza izan dugu infografiak egiterako orduan.
- Euskerazko infografiaren esteka: https://www.youtube.com/watch?v=8oo2kn6Chck&feature=youtu.be