Errotuloak euskaraz jartzeko diru-laguntzak

Barren.eus 2019ko eka. 26a, 05:58

Establezimendua identifikatzeko errotulu nagusia euskara hutsean edota irudi korporatiboa euskaraz edo ele bietan jartzen duenari, kostearen % 50eko dirulaguntza emango dio Elgoibarko Udalak.

Horretarako, beharrezkoa izango da errotuloa euskaraz ondo idatzita egotea eta hori, Euskara Zerbitzuak ziurtatu beharko du. Errotuluen kasuan, izena edo izen-abizenak soilik agertzen badira, Udalak ez du diru-laguntzarik emango. Establezimendu bakoitzerako gehienezko kopurua 300 eurokoa izango da.

Interesdunek dagoeneko eskabideak aurkez ditzakete Herritarren Arreta Zerbitzuan (Santa Ana kalea 2, behea), edo elgoibar.eus webgunean, herritarren atalean.
Informazio gehiagorako Udalaren Euskara Zerbitzura deitu (943 744 366) edo mezu bat bidali euskara@elgoibar.eus helbidera.