• Gustura egindako lanarekin, Xamar?
Eginik dago, aspaldiko behar baten bukaera da, baina beti hobeki egin zitekeelakoan geratzen naiz zernahi lanekin.
• Inork ere ez zuela irakurriko uste zenuen eta, dagoeneko, bigarren edizioa ere martxan dago.
Harrigarriki! Bai, liburuak oso harrera ona izan du eta horrek poza ematen dit. Badirudi denok, era batean ala bestean, bizi izan dugun gaia dela: Herri honek pairatu duen akulturazioa dator liburuan, eta, bereziki, horren kontrako gure borroka.
• Zergatik idatzi duzu liburua? Zertarako?
Lehenengo helburua Aezkoa ibarra ezagutaraztea zen. Nafarroako ekialdeko mendietan –hala edo hola– euskara atxiki duen azken ibarra da eta ez da gure letretan ageri. Gainera, Aezkoak baditu ez ohiko diren ezaugarri berezi batzuk: hala nola, ibar liberala eta antiklerikala izatea, tradizio karlista eta elizkoitik nabarmenki aldentzen duena.
• Dibulgazio-lanak, besteak beste, “ez dakigula jakiteko” egiten zenituela irakurri nizun elkarrizketa batean. Euskaldunok ez dugula gure Herria ezagutzen, eta ezagutzen ez dena ezin dela maitatu edo baloratu.
Dakigun bezala, hizkuntzaren bizitzan hiru eragileetariko bat motibapena da, ezagutza eta erabilpenaren ondoan. Baina, nola lantzen da motibapena? Batetik, hizkuntzari, euskarari, dagokion kultura (historia, folklorea, usadioak, geografia, literatura…) ezagutzera emanda; eta, bestetik, inposatu zaizkigun kanpoko begirada arrotzak baztertuz. Gure Herria ezagutzeko begirada autonomo eta beregainak - askeak - bakarrik ematen baitio zentzua hizkuntza komunitateari edo
nazioari.
• Memoria historikoa hain modan dagoen honetan, liburu hau, besteak beste, hori ere badela esan zenidan email batean. Memoria historikoa ezin dela gerrari edota gatazka armatuari bakarrik lotuta egon.
Bai, hemen memoria historikoa aipatzen den bakoitzean 1936ko gerrari buruz ari dela ikusten dut, baina gerraren aurretik eta ondoren gertatu zena ere memoria historikoa da niretako. Hain zuzen, liburu honetan kontatzen dudana gerratik hogei urtetara sortutako gazte batzuen bizipenak dira; gazte horiek bizi dutena
gerra haren ondorio zuzena da.
• Etxera bidean da liburuari jarri diozun izenburua. Orhipean liburuan atal bat eskaini zenion etxeari. 2016an, berriz, Etxea liburua argitaratu zenuen.
Zer da etxea euskaldunontzat?
Etxea dena izan da gure kulturan zenbait mendetan; gure gizartearen oinarrizko erakundea izan da. Kasu honetan esanahi metaforikoa dauka; "etxera" itzultzea erdaldun hazitako jende batek bere sustraiak eta mintzaira berreskuratzeko egindako bidaia da. "Atzerritik etxeratzeko" bidea da, liburuko azalean ageri den bezala.
• Zerk bultzatzen du Garraldako gazte bat herriko nagusiengana joan eta beraiekin orduak eta orduak pasatzera? Zeren bila, Xamar, Garraldako etxeetako sukalde eta atarietan?
Lapurtu ziguten herria ezagutzeko egoten ginen herriko nagusiekin. Guri Garralda euskalduna ebatsi ziguten:hizkuntza, kultura, istorioak, ohiturak, ipuinak, kontuak, gertaerak… Eta, une batez, nerabezaroan, deskubritu genuen hori guztia gure nagusien bizipenetan zegoela, haien jakintza zela. Hori dena jakiteko egoten ginen sukalde eta atarietan, baina horretarako hizkuntza gakoa zela ohartu ginen, euskara behar genuela. Beraz, euskara ikasten hasirik, gainerako guztiaren berri izatea nahi genuen. Guk galdutako "argazki" osoa nahi genuen… Nahia baino gehiago, beharra zen.
• Gogoratzen duzu noiz edo zergatik sumatu zenuten behar hori?
Aski bat-batean hutsune bat genuela ohartu ginen, euskarak bakarrik bete zezakeen hutsunea. Euskara zen gerra ondoko gure herriko kultura eta historia
ulertzeko giltza.
• Liburuan dator herriko emakume batek zer esan zizuen plazan euskaraz ari zinetela entzun zuenean: “Para qué, si no vale para nada!”. Zer erantzun zenioten?
Hasieran ez nuen ulertzen gu egiten ari ginen bidaiak zergatik mintzen zuen jende bat, baina poliki-poliki ikasi genuen aurre egiten holakoei. Emakumeari emandako erantzuna garbia izan zen: Gu geu izateko balio du euskarak, pertsona moduan osatzeko.
• Egin zenutena ez zenutela euskararengatik egin entzun dizut. Zuengatik egin zenutela.
Euskara hizkuntza bat da, gramatika eta hiztegi bat; horrek ez du sentitzen. Baina hiztun komunitateak bai, hiztunok sentitzen dugu, eta gu horren parte ginen… Erdaldun heziak, baina komunitate horren parte ginen; huts egindako partea. Geure burua sendatzeko ikasi genuen euskara; zegokigun komunitatera bueltatzeko. Geure buruaren alde ari ginen garbiki.
• Zuek egindako ibilbideak ekarri zuen ondorio lazgarririk herrian. Honela idatzi duzu liburuan: “Maite genuen jende zenbaitekin ere hausturak gertatu ziren. Herri osoko harremanak berrantolatzen ari ziren emeki. Argi zen, urtetan lurperatutako identitatea azaleratzerakoan, bortxazko berdintasun eta batasun faltsuak hautsi egin ziren”.
Bai, gaiak zatitu egin zuen herria nabarmenki: euskara eta gure kulturaren alde zeudenak, alde batetik, eta kontra zeudenak, bestetik. Zatiketa honetan preziatzen edota maite genuen zenbait jende kontrako alorrean gelditu zen, eta penagarria izan zen. Ebidenteki, bi aldeak nabarmenak dira gure herrietan, baina baita nazio mailan ere, egunero politika munduan ikusten dugun bezala.
• Urak bere onera etorrita egongo dira,ezta?
Nonbait hor!
• Zer eman dizu zuri euskarak, Xamar? Zer izango zinateke gaur egun, gaztetan euskara ikasi eta Garraldako lurrarekin bat egitea erabaki izan ez
bazenu?
Ez dut denbora galtzen holakorik pentsatzen; beti hurrengo urratsa izaten dut gogoan, jakin gabe horrek nora eramaten nauen. Hala ere, ez dago dudarik: Herri
honek tamalez duen alienatu andana horietariko bat gehiago izanen nintzatekeen.
• Eta zuk zer eman diozu euskarari? Zer ematen diharduzu?
Herriari buruz ikasten dudana erakusten eta zabaltzen saiatzen naiz ni. Arrazoi historikoen ondorioz ezagutzen ez dugun gure kulturaren dibulgazioa egiten dut.
Izan ere, amildegi bat dago Herriari buruz dagoen gaur egungo ezagutzaren eta jendeak, oro har, dakienaren artean. Zulo hori betetzen saiatzen naiz.
• Zuen “irakasleak” Garraldara afari truke joaten zirela esaten duzu liburuan. Beste lan bat egin behar zutela derrigorrean. Gorka Arresek gurean eman zuen hitzaldi bat etorri zait burura, euskal kulturgileen bizi-baldintza eskasak azaleratuz. Zein dira gaurko “irakasleon” baldintzak? Afari truke zabiltzate oraindik? Beste lan bat egin behar duzue derrigorrean? Baduzue prestigiorik gure gizartean?
Euskaraz egiteak automatikoki marginalian kokatzen zaitu, ez gaitezen engaina, euskaldungoa gutxiengo bat baita Euskal Herrian. Kontu ezaguna da kulturgile guztiak, salbuespenak salbuespen, beste lan batean aritu behar direla nahi ala ez. Panorama honetan, prestigioarena… zirkulu txiki zenbaitetan ezaguna izan zaitezke, baina besterik ez.
• Liburua, besteak beste, Aezkoa hobeto ezagutzeko da, eta bertako negua oso gogorra dela aitatzen duzu; otsaila, bereziki. Egutegia ere berezia daukazue, ezta?
Aezkoako herriak Euskal Herriko garaienak dira. Bertakoa da Abaurregaina, 1.000 metrotan dagoen bakarra, eta, ondorioz, aski hotzak dira neguak. Egutegia horretara egokiturik daukagu. Urteko lehen hilabetea izotzila da, izotzarena alegia, eta gero, udazkenean, hilabeteak aurreratu egiten dira. Adibidez, ez dago irailik, eta bere tokian urria daukagu; urriaren tokian azaroa, eta, ondoren, bi abendu ditugu: azaroaren lekuan "lehenbiziko abendu" eta "bigarren abendu" edo abendu, besterik gabe.
• Otsaila egutegitik kentzeko proposamena ere egin omen zuten zuen aurrekoek!
Kontu zaharra da. Hotzenetarikoa izanik, ibarreko biztanleak, aetzak, bildu omen ziren batzarrean otsailarekin zer egin erabakitzeko. Pentsatu
omen zuten bere egunak gainerako hilabete guztien artean sakabanatzea, baina Joanes Iriartekoak –hemengo Fernando Amezketarra bezalako pertsonai bat– ohartarazi zuen hori eginez gero urteko hilabete guztiak kutsa zitezkeela. Otsaila bere horretan uztea erabaki zuten azkenean.
• Liburua irakurtzen hasi eta berehala ohartu nintzen irakurtzen niharduen euskara ez zela orain arte idatzi duzun liburuetan erabili duzuna. Hasieran apur bat kostatu zitzaidala ere aitortuko dizut.
Pertsona nagusiak mintzo direlarik, Aezkoako euskaran utzi dut testua. Beste gauzen artean, dagoeneko desagertutzat eman daiteke hango euskara, eta euskara hori ere ez da ageri gure letretan. Utzi nahi nuen testigantza hori, Bonapartek eginaraziko katiximak baino zerbait xamurragoa eta interesgarriagoa izan zezan publiko zabalak. Eta, gizona, ez da hain zaila! Euskara da! Segur naiz (eta dagoeneko hala esan didate) gure hizkuntza maite duen orok gustura ezagutuko duela ekialdeko azpieuskalki arkaiko (omen) hori, Bonapartek eta Azkuek hain maitea zutena.
• Zuen amatxirekin hasi eta amaitzen da liburua. Zergatik?
Amatxiren hitzak, lehenengo aldiz euskaraz egin nionean, iltzaturik gelditu zitzaizkidan gogoan: pero, ... ¿por qué
hablas así mi chico?. Orduan ez nintzen ohartu esaldi harek erakusten zuen dramaz. Baina, berrogei urte pasa ondoren, esaldiaren garrantzia agerian jarri zait garbiki. Ez nuen dudarik: gure amatxirekin hasi behar zuen liburuak eta, biribiltzeko, amatxirekin bukatu behar zuen.
• Amaitzeko, eman Etxera bidean liburua erosi eta irakurtzeko arrazoi bat.
Liburua Euskal Herri ezezagun bat ezagutzeko gonbitea da alde batetik, eta, bestetik, bere sustraiak berreskuratu nahi dituen belaunaldi baten istorioa kontatzen du. Etorkinen seme-alaba batzuek (Jon Maiak, Sonia Gonzalezek...) kontatu dituzte beren ibilbideak eta sentimenak gure hizkuntza eta kulturan barneratzeko, baina ez zen etorkina izan behar egoera horipairatzeko. Nik horren lekukotasuna ere utzi nahi nuen.