Umeentzako eta gazteentzako Korrikak ere egingo dituzte barixakuan

Barren.eus 2019ko api. 10a, 14:34

21. Korrika Mendarotik eta Elgoibartik pasako den egunean, apirilaren 12an, egingo dituzte beste korrikak ere, Korrika Txikia eta Korrika Gaztea.

Gutxi falta da Korrikaren lekukoa Mendarora eta Elgoibarrera ailegatzeko. Barixakuan, apirilaren 12an, Korrikaren lekukoa hartuko dute mendaroarrek, txatarreri parean, 6:50ean. Elgoibarren 7:15ean egingo diote ongi-etorria Korrikari, 19:00eta hasiko den Mauxitxa txarangaren kalejirarekin. 

Korrikaren aldeko ekintzak eguen honetan, apirilaren 11n, hasiko dira. Elgoibarko Herri Eskolako Haur Hezkuntzako haurrek Korrika Txikia egingo baitute, 14:30ean. Haur Hezkuntzako 5 urtekoek hasiko dute Korrika Txanpinoiaren gaineko aldean, Urazandi kaleko 43. zenbakian gutxi gorabehera, eta handik behera abiatuko dira. PSE-EEren lokal parean batuko zaizkie HH4koak gero eta Kalamua kalean gora egingo dute. Eskolako aparkalekuan HH3koak sartuko dira, eta jolastokian zehar egingo dute korrika. Han, HH2koak izango dituzte zain. Mendaron korrika aurreko festa antolatu dute eguenerako. 16:45etik aurrera umentzako jolasak egongo dira plazan. 17:45ean dantzak izango dira Kaleko Antzerkiak taldearen eskutik eta 18:00etan trikitilari eta buruarinen kalejira hasiko da.
 • Korrika Txikia Elgoibarren
Elgoibar Ikastolak eta Herri Eskolak elkarlanean antolatu dute Elgoibarko Korrika Txikia eta Maalatik Kalegoen plazara arteko bidea egingo dute elkarrekin. Apirilaren 12an bertan egingo dute, 10:00etan hasita. San Lazaro egoitzakoek ekarriko diete lekukoa Maalaraino eskola-umeei, eta han Herri Eskolako eta Ikastolako LH6ko ikasleek hartuko dute. King Kong parean izango dituzte bi ikastetxeetako LH5ekoak zain haiek eta San Bartolome kaletik zehar plazaraino eramango dute lekukoa, han LH4ko ikasleei emateko. Santa Ana pareko Eroskin izango dituzte haiek zain LH3ko lagunak, eta plazaraino ekarriko dute haiek bueltan lekukoa, atzetik segizioa dutela. Plazan LH2koek hartuko dute gero, eta Kultur Etxe parean LH1ekoak batuko zaizkie. Haiek, Errosario kaletik barrena, plazaraino eramango dute lekukoa, eta han bukatuko dute Korrika txikia, 10:30ak aldera. Manifestu bat irakurri eta bertsoak kantatuko dituzte han, eta amaierako ekitaldi hori Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika taldekoek girotuko dute. Euria egingo balu, Maalako aterpera mugatuko dute dena. Haur Hezkuntzako ikasleek ere egingo dute Korrika. Ikastolakoek zentro barruan egingo dute.

2019 04 10 2017 04 05 korrika txikia mendaro

 • Korrika Txikia Mendaron
Ikastola parean abiatuko da Mendaroko Korrika Txikia, 11:00etan, eta herriko bi auzo nagusiak batuko dituzte. Ikastola parean hasiko dute korrika Lehen Hezkuntzako seigarren mailakoek eta Mendarozabalera joko dute. Han buelta eman eta San Jose plaza gurutzatuko dute gero, eta ikastola parean, LH5eko ikasleei emango diete lekukoa. Errepide nagusia azpitik gurutzatuko dute gero bi taldeek Intzarbakuntzan gora eginda Azpilgoetan sartzeko, eta aldapa hasieran, LH4ko ikasleak batuko zaizkie. Azpilgoetako zubi hasieran batuko zaizkie LH3koak, eta zubiko eskailera parean LH2koak. LH1eko ikasleak farmazia parean batuko zaizkie eta Coviran haurrean Haur Hezkuntzako azken mailakoak, 5 urtekoak. Tren geltoki parean 4 urtekoak gehituko zaizkio tropelari eta ikastolan bukatuko dute korrika txikia, kalejira batekin. Ikastolako arrapalan izango dituzte zain ikastolako txikienak.
 • Korrika Gaztea Elgoibarren

Korrika Gaztea IMHk, Mekak, Elgoibar BHI institutuak eta Elgoibar Ikastolak antolatu dute apirilaren 12rako. 11:30ean hasiko dute Korrika gaztea, Meka Albitzuritik, eta ordubete geroago bukatzea aurreikusi dute, IMHko portxean. Euria egingo balu IMH kiroldegian egingo dute amaierako ekitaldia. Institutuko txarangak girotuko du ekitaldia eta lekukoan dagoen mezua irakurriko dute.

∞ Lotura duten albisteak: