Ikasketaz, industria ingeniaria da Zalbide, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Euskara Zerbitzuaren buru izan zen 33 urtean, harik eta 2014an erretiroa hartu zuen arte. 1983an euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta 2006az geroztik, euskaltzain oso da. Zalbideren eta Alberdiren arteko solasaldia Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak antolatu zuen, Udalaren laguntzaz, eta Kultur Etxeko hitzaldi gela bete egin zen. Bien arteko hizketaldia ekarri dugu hona.
• Zerk bultzatuta hasi zinen hain goiz euskararen kontuetan?
Seguru asko gizarte-giroak bultzatuta. Belaunaldi berria ginen. Gure gurasoek eta aitona-amonek izan ez zituzten aukerak izan genituen. Lehenengo belaunaldia izan ginen, luze-zabal, unibertsitatera iritsi ginena, eta horrek, unibertsitatera iristeak, beste gizarte-giro batera eramaten du bat. Seguru geunden, gainera, aldaketak bazetozela eta ezin zirela okerrerako izan. Etxetik jasotako euskaltzaletasuna ere bageneukan, eta hori ere funtsezkoa izan zen. Hizkuntzarekiko atxikimendua eta hizkuntza horrek berekin duen giza talde baten, herri baten, aldeko gogoa etxetik zetorkigun.
Eta horri guztiari gehitu… parean tokatu ginela. Euskaraz banekiela eta euskarazko eskolak eman behar genituela esanez etorri zitzaidan lagun bat unibertsitatean. ‘Nola egingo diat ba hori, nire bizian ez badut paper bat euskaraz irakurri!”, esan nion, inoiz ez ginelako euskararen mundu idatzi formal horretara hurbildu. Baina, abade batek (Patxi Altuna) liburua atera berri zuela erantzun zidan lagunak eta harekin hastea bagenuela. Eta halaxe hasi ginen. Banuen nire alde puntu bat: hizkuntzekin ohitua nengoela umetatik. Etxetik euskara besterik ez nekien, baina eskolan alemana izan nuen lehenengo hizkuntza. Latina ikasi nuen gero, eta azkenik, ingelesa ere bai. Eta jakina, lau bat hizkuntza dituenak berea errazago erabiltzeko oinarria izaten du. Edonola ere, parean tokatzearena faktore funtsezkoa izan zen. Gizarte honetan hala egiten dira gauzarik garrantzitsuenak: parean tokatuta.
• 1981etik 2014ra, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Euskara Zerbitzuaren buru izan zinen. Zer balantze egiten duzu 33 urte horietaz? Langintza horretan zerk bete zaitu gehien? Eta izango duzu, beharbada, ezin bete izan duzun egitasmorik, ala?
Balantzea bizia eta aberatsa izan da; esparru gutxitan izan du euskarak halako sarbide zabala. Gu hasi ginenean, Siadecok egindako inkestaren arabera, eskola publikoetan klaseak euskaraz emateko irakasleak ez ziren % 5era iristen, eta horietako irakasle asko edadean aurrera zihoazen, gainera. Beraz, ia hutsetik hasi ginen. Orain dela lau urte nik laga nuenean, berriz, irakasleen % 80tik gora euskaldunak ziren, eta % 5 izatetik % 90 izatera, alde handia dago. Libururik ere ia ez zegoen gure garaian. Orain, 23.000tik gora liburu eta material badaude euskaraz eskoletarako. Ez da asko, baina 23.000 dira. Gauza asko egin da, eta egindakoa aberatsa eta sormen handikoa izan da. Hemen, sortu egin behar izan genuen, hutsetik; ez zegoen modelorik, ez zegoen ispilurik, ez zegoen nori kopiatu. Eta lan hori neketsua izan da, eta arriskuz betea. Askotan esan izan diet lagunei, noiz erreko beldurrez, sumendi baten kraterrean saltoka eta brinkoka ibili izan naizen sentsazioa izan dudala. Politika oso sartua egon da eta dago hemen hizkuntza-munduan, eta hizkuntza-kontuetan ari denak badaki, deskuidatuz gero, kiskalita buka dezakeela.
Zerk “bete” nauen gehien? Inoiz inork konpondu gabeko arazoari konponbidea ematen saiatu beharrak; eguneroko erronkei geure kabuz erantzun beharrak. Eta zertan gelditu garen erdizka? Iruditzen zait ez dugula jakin eskola bidezko euskalduntze-lana euskalduntze-lan osoarekin uztartzen. Oso konpartimentatuta jardun gara. Nik eskola, zuk telebista, eta beste hark, literatuta. Perspektiba global hori ahul landuta geneukan eta ahul landuta gelditu da. Horretan ez dut nik arrasto handirik utzi. Saiatu naiz, baina ez dut lortu.
• Zer da euskara batua?
Grafiaz, morfosintaxiaz eta hiztegiaz aski bateraturik dagoen eredu egonkorra da euskara batua; egonkorra, hizkuntza estandarrak, asmoz behintzat, egonkorrak direlako. Liburu, aldizkari eta gainerako paper-jiretan nagusitzen den hizkera-moldea da, batez ere idatziz erabiltzeko sortua dena eta nagusiki idatziz erabiltzen dena, baina bere oihartzuna hitzezko jardunera ere zabaltzen duena. Izan ere, euskara batuak gero eta aplikazio-ahalmen handiagoa du hitzezko (batez ere jendeaurreko) mintzabide jasoan. Ikasi, eskolan ikasten da euskara batua lehenik, idatzizko formari dagokionez bereziki. Eskolako ikasketa formala ez da, hala ere, aski izaten. Zenbat eta eguneroko jardunean jardungune, harreman-sare eta situazio ugariagoetan hizkuntza-eredu hori erabili, hainbat eta aberats-zabaldu-barneratuago izango dute euskara batu hori.
Beraz, batez ere erregistro formaletarako, jantzietarako eta jendeaurrekoetarako erabiltzen da, eta hartarako pentsatuta dago, ez hainbat taberna zulorako. Egunerokoak baditu askoz ere baliabide zorrotz, bizi eta gatz-piperrez hornituagoak, eta ez genituzke haiek galdu behar. Baina, beharbada, gaztelaniak euskararen baitan duen inpaktu handiagatik, askotan, euskara batua eta gaztelania batera ibili ohi dira hiztun askoren ezpainetan. Horregatik, euskaldun jator askorentzat euskara batua eta gaztelania ez dira hain ezberdinak. Asmoz, hizkuntza jasoa da, garai bateko euskara zaharraren eta euskalki gehienek bateratsu zituzten hainbat ezaugarri berreskuratu dituena. Izan ere, euskara batua hurbilago dago orain dela 500 urteko euskaratik, hemen baserrian ikasten dena baino. Baserrian ikasten dena oso jatorra da, bai, baina 500 urtean aldatuz-aldatuz joan da. Euskara batuak, neurri batean, orain dela 500 urteko formetara jo du atzera, eta orduan, euskalkitik euskalkirako saltoak ondotxo txikiagoak ziren gaur baino. Nahiz eta esan behar den, euskara batua, askorentzat, “dut” eta “h” batzuekin hornitutako gipuzkera dela, Beterri aldekoa.
• Beharrezkoa al zen/da euskara batua?
Bai. Euskarak gero bereganatu dituen zenbait esparru bereganatuko bazituen eta sukalde-zulotik eta taberna-zulotik jendartera irtengo bazen, bakoitzak etxetik genekarren hura ez zen nahikoa, nahiz eta hura oso ona den eta gutxiegi apreziatu izan dugun. Ezinbestekotasun hori jaso zuen Mitxelenak berak 1968ko Arantzazuko biltzarrean, euskararen txostenaren sarreran: “Ezin-bestekoa. il-edo-bizikoa, dela uste dugu euskera batasun-bidean jartzea. Haur eta gazteei euskeraz irakasten baldin bazaie, eta euskeraz irakatsi behar euskera biziko baldin bada, premiazkoa da guztiei batera edo bateratsu irakastea. Nahi eta behar dugun batasun hori, lehen urratsetan behintzat, euskera idatziarena, izkribuzkoarena, da. Eta, euskera, idatziaren barrutian, irakaste-lanean dugu beharrenik batasun hori, irakurlearen atseginerako egiten den literatura «ederrean» baino areago” (Euskaltzaindiaren 0 araua). Beraz, bai, ezin baztertuzkoa dugu gaur euskara batua, eta hala izango da bihar, eguneroko mintzamolde arruntak ase ezin dituen jardungune, harreman-sare, rol-harreman eta situazioetan euskaraz jardun ahal izateko.
• Zein mugarri finka litezke ibilbide horretan. Zein pertsona, erakunde… izan dira erabakigarri?
Hamar bat ordu behar dira gutxienez galdera horri erantzuteko, baina zerbait esateagatik, ortografiara mugatuko naiz. Exonormatiboak izan gara gu. Hegoaldean, gaztelaniaren ortografia hartu dugu oinarri, eta Iparraldean, gaskoinarena eta frantsesarena. Hegoaldean, Echeverría, Chávarri… idatzi dugu guk urteetan, eta cantar “c”-rekin eta quiero “qu”-rekin. Iparraldean, gu baino lehenago hasi ziren esaten -orain 200 bat urte bai- belarriak agindu bezala idatzi behar zela eta Iparraldekoen ildotik ga-ge-gi-go-gu eta ka-ke-ki-ko-ku zabaldu ziren XIX. mendean euskalari eta protoelite euskaltzaleetan. “¡Qué lástima! Están llenado el euskera de ka-ka” idatzi zuen Donostiako euskaltzain batek.
Sabino Arana eta Resurrección Maria Azkueren arteko eztabaida ortografiko bizia izan zen beste mugarrietako bat: “ts” vs “tx”, fonetismoak bai/ez, bustidurak noraino, “r´/rr”…. Ordura arte “txori” “chori” idazten zuten, baina Aranaren eraginez, “tx” erabiltzen hasi ziren. Sabinok ezin zuen jasan espainolek bezala idaztea, eta, haiengandik bereizteko, “tx” eta “r” gangardunak erabiltzea proposatu zuen. Egundoko eztabaida biziak izan zituzten Aranak eta Azkuek, baina nik uste ez zela elkarren lagun handiagorik bi haiek baino.
Gero, gerra aurrean, Sebero Altubek perspektiba soziolinguistikoa erantsi zion aurreko horri guztiari. “Jendeak entendituko duen zerbait egin behar dugu”, esan zuen, eta bete-betean jo zuen. “H”-aren inguruko eztabaida izan zen beste mugarrietako bat. Gerra aurrean esan zen ez genuela behar “h”-rik, baina gero, gerra ondoren, Mitxelenak-eta esan zuten baietz, zenbat eta euskararen iturri zaharragoetara gehiago hurbildu, orduan eta garbiago zegoelako erabili egin behar zela. Beste mugarri batzuk ere izan dira. Batzuk aipatzearren, hauek: Krutwig-en eta Villasanteren eragina 1950en lehen erdian, Aresti, A. Irigoien eta gehiagoren lanketa praktikoa, Baionako Euskal Idazkaritza (Txillardegi) 1964an, Arantzazuko txostena (Mitxelena) 1968an, hitz elkartuen idazkera (marra bai/ez) 1993an, eta maileguen idazkeraren inguruko eztabaida.
• Euskara batuaren inguruan haserre-bide handiak izan dira. Nola gelditu ziren “h” ziztrin bategatik ordura arte lagun-lagun zirenak elkarri agur esateko fundamenturik gabe?
Bi arrazoi aipatuko nituzke: batetik, zenbait bidegileren nortasun-ezaugarriak, eta bestetik, ideologia. Gauza gutxi dago corpus plangintza baino ideologizatuagorik. Euskara ez da hitzak eta informazioa elkarri pasatzeko tresna bakarrik; hori baino askoz gehiago da, eta beste zerbait izate horrek sortzen zituen eztabaidak. Haserre-bide nagusiak bi izan ziren: 1896tik 1918ra artekoak, eta 1968tik 1988 ingurura artekoak.
• Zer balorazio egin daiteke euskara batuaren emanaz?
Balorazio global, sinple eta intuitibo bat egin nahi bada, esan behar da asko egin dela. Gaur jendeak oso gutxi idazten du erdaraz eta gutxiago euskaraz, baina idatzi behar duenean badaki nola idatzi. Hori pauso izugarria da. Baina galdetzen badugu zenbat, nola eta zertarako egin dugun, ez dakigu, ez baita neurtu. Hori da Euskaltzaindiaren hurrengo mende-laurdeneko eginkizun nagusia. Arauak ematea ez da nahikoa. Arau horiek gizartean nola txertatzen ari diren jakin egin behar da, eta gauza batzuk ez badute funtzionatzen, zuzendu, baina horretarako neurtu egin behar da.
• Bi kontzeptu dauzkagu: euskara batu soziologikoa eta euskara batu formala. Jende askoren ustea da euskara batua zerbait zurruna dela; forma bat baino ez duela. Askorentzat “aurten fite igaro dira festak” ez da euskara batua, “aurten azkar igaro dira festak” baizik. Gauza bera gertatzen da “gura duzun legez” moduko esaldiekin. Ondo ulertzen al dugu zer den euskara batua?
Ez. Euskararen batasuna mononuklearra izan da, asmoz. Inguruko beste hizkuntza batzuk, alemana esaterako, multinuklearrak dira, baina guk, gaztelaniaren eta frantsearen edertasunak itsututa-edo, nukleo bakarreko bidetik jo genuen. “Nahi duzun bezala” horren alde egin genuen, “gura duzun legez” hori baztertuta. Baina bigarren hori baztertuta, zer gelditu zaie bizkaitarrei? Eta ez dezagun ahaztu bizkaieraz mintzo direnak gipuzkeraz mintzo garenak bezainbat badirela kopuruz. Perspektiba multikultural hori berreskuratu beharra daukagu. Hori ez da euskararen kalterako. Testuak zuzendu behar dituenak izerditan bukatuko du, bai, eta bada arazoa, baina ez da hizkuntzaren kalterako.
Bada beste kontu bat ere, hala ere: Gaur euskara batuaz ari garenok nola ari gara? Benetan idazten dugun bezala hitz egiten al dugu? Ez. Gertatzen dena da giputz-oinarrizko eta gaztelaniak nabarmen inpaktaturiko Umgangssprache bat zabaltzen ari dela de facto. Zenbaitek uste du Andoainen jaio den bat euskara batuan ari dela “det” erabili ordez “dut” erabiltzen badu. Baina zerbait gehiago saiatu beharko gara Beterrikook ere besteak hainbeste saiatu behar badira, ala? Euskara soziologiko bat sortzen ari da, euskara batu formaletik urrunduz doana, eta historia ezagunean normalean irabazten duena soziologikoa da.
• Euskara batuari begira, zer gehiago falta da?
Egindakoa ebaluatzea. Ingelesek self-fulfilling prophechy esaten duten horren bidetik ari gara gu ere. Hain gaude konbentzituta gauzak ondo egiten ditugula, ez dugu ondo edo gaizki ari garen aztertzen. Egiten ari garen hori ebaluatzea falta zaigu, eta egiteko horrek mende-laurden bateko lana ekarriko lioke Euskaltzaindiari. Hortaz aparte, bada beste kontu bat: arauak ematea ez da nahikoa. Horren zabalkunde-lana egin behar da eta hori lan handia da, askotan arauak ematea baino zailagoa. Jendeak arauen berri izango badu, baliabideak eskaini, indartu eta zabaldu behar ditugu. Eta hor Andres [Alberdi] bera lan ederra egindakoa da. Euskara Batuaren Eskuliburua atera berria du, eta horrek eta Jagonet eta halako beste zerbitzuek egundoko garrantzia dute, euskara batuak bere burua indartuko badu. Hala ere, euskara batuaren erronka nagusia beste bat da. Euskarazko jarduna beharrezko edo lagungarri deneko jardunguneak, gizataldeak, harreman-sareak, eta situazioak indartu behar dira. Euskara beharrezkoa den lekuak baldin badaude, euskara batua indartuko da; bestela, behar ere ez dugu euskara batua.
• Aurrera begira, zer dago egiteko?
Oker gabiltza euskararen batasuna lortzea arauak ematea dela uste dugunean. Hizkuntzen estandarizazioa hori baino gehiago da. Arauak eman egin behar dira, baina gero jendeak horren berri izan behar du eta zehaztu egin behar dira jendeak ondo erabiltzen jakiteko. Gero, jendeak arau horien beharra izan behar du, eta gogozko gertatu behar zaizkio. Euskara txakurrarekin hitz egiteko behar duenak ez dauka euskara batuaren beharrik. Euskara batua behar deneko esparruak behar ditugu, haiek gabe baturik gabe ere zoragarri gaudelako. Gero, erabiliaren poderioz, ikasi egin behar ditugu arauok, eta ikastea, ez dezagun ahaztu, belaunaldietako lana da. Nebrijak 1492an eman zuen gaztelaniaren lehenengo gramatika, Kristobal Kolon Ameriketara joan zen urtean, eta orain dela 50 urte Espainiako hiriburuetatik kanpoko jende gehiena analfabetoa zen. Hizkuntza politika ez da, beraz, araugintzara mugatzen eta batasun-bidea amaitu gabe dago, eta hein batez, amaigabea da.
• Euskalkiak eta euskara batua elkarren kontra dauden ustea askoren buruan dago. Adostasuna hain zaila da?
Kontua ez da adostasuna zaila edo erraza den, baizik eta adostasuna behar den ala ez. Komunitate linguistiko gehienek, handiek, mendetako eskola-bideak eta administrazioak beren hizkuntzan izan dituztenek, badute hizkuntza estandar hori. Frantsesak eta gaztelaniak ere badute, eta hiztunek ikasi egin behar izan dituzte. Horregatik esaten zuten “la letra con sangre entra”. Ez zen erraz-erraz sartuko hori esaterako! Aldea dago eredu batutik pertsona gehienok gehienetan gehienokin erabiltzen dugun hizkuntza-aldaeretara. Gu baino hizkun-elkarte handi-zabal-osasuntsuagoetan ere hala gertatzen da sarri, eta ez dute horregatik aparteko eragozpenik, kexurik edo bizi-arriskurik. Dialektoak aldatuz doaz han-hemen eta eguneroko mintzamolde arrunt berriak gailenduz. Ez, ordea, guztiak hizkuntza-eredu bateratu formal-bakarraren faboretan desagertuz. Eredu bateratu-estandarraz gainera hor egon ohi dira teknolektoak eta soziolektoak, baita, inoiz, etnolektoak ere. Hori da araua hizkun-elarte bizi-osasuntsu gehienetan.
Pertsona bakoitzak patrikan ez dauka kanika bakarra. Kanika asko dauzkagu eta norekin, noiz eta nola ari garen, kanika batekin edo bestearekin jokatzen dugu. Normala, beraz, kanika asko izatea da, baina hori gure buruan ez da erraz kabitzen. Hain gaude konbentzituak euskararen aurrerabidea batasunak ekarri duela eta ekarriko duela, ezen ez gara konturatzen kanika guztiak behar ditugula. Zer gertatzen da, baina? Kanika horiez gain badugula kabitu ezineko baloi handi bat ere patrikan: gaztelania. Eta horrek kanikei leku asko kentzen dienez, pentsatzen dugu kanika bakarrarekin molda gaitezkeela. Kanikaren eta baloiaren arteko borroka daukagu, eta horri beste perspektiba bat eman beharko genioke.
• Ahozko jardunean jende dezentek bere txokoko euskarara jotzen du esparru publikoan ere. Zergatik jokatzen du horrela euskaldun jendeak?
Askotan batua ez dakielako eta ez dakienak ezin duelako erabili. Hori da motibo bat, baina ez bakarra. Euskara batuaz egingo baduzu, euskara batua behar den ingurumenak behar dituzu: situazioak, testuinguruak… ‘Jon, janzteko abrigoa, coño!” Hori esateko, ez duzu behar batua. “Jon, adierazi nahi nizuke on zenukeela abrigoa janztea!”. Nork hitz egiten du horrela? Gertatzen zaiguna da batua esparru formaletan erabiltzeko dela definitu dugula eta esparru formal gehienak gaztelaniak okupatuta dauzkanez, jende gutxi aurkitzen dugula esparru horietan gurekin euskaraz egiteko prest dagoena, dakiena eta egin dezakeena.
• Gure artean nahikoa iritzi zabaldua da euskalkia dugula modu naturala eta euskara batua, artifiziala.
Orain dela gutxira arte, eta orain ere bai sarri, eguneroko jardun arruntean nagusiki edo erabat euskaraz diharduten 40 urtetik gorako gehienak belaunaldiz belaunaldi iritsi zaien mintzamolde dialektalaz hazi eta sozializatu dira, eta hartaz baliatzen dira maizenik. Naturala, arrazoiz, “bertako gehienek bertako gehienekin” ustez “betiko moduan” egiten dutena da haientzat. Gure biografia pertsonalaren hasieran ez zegoen euskara baturik. Hori gero ikasi dugu. Era berean, bada baita ere euskaldun berrien euskalduntze-bide formala euskara batuaz egin delako eta etxetik euskaldun direnek bide hori berenaz aparteko beste zerbait dela antzeman dutelako. Eta hirugarren puntu bat: euskara batua paperean etorri da askotan, eta eredua gaztelania izan da askotan. Ondoko hizkuntza handi eta dotoreetatik gure hizkuntzara etengabe terminoak itzuli beharra izan dugu, eta horrek egin du artifizial euskara batua. Konponketa errazik ez du beraz.
• Euskararen erabileran motelaldi bat erakusten dute kaleko neurketek. Arnasguneak ahultzen ari zaizkigu. Gazi-gozozko asko egin da, baina…
Hori da euskararen geroaz kezkaturik gaudenon lehen aztergaia. Horrela izan behar luke behintzat. Gainerakoak ongi daude, baina lagungarri dira hoberenean, eta distraigarri huts zenbaitetan. Bai, erabileraren motelaldiarena egia da: zenbatekoa den, non gertatzen ari den eta zergatik ez dakigu nahi bezain ondo, baina datu ukaezinak dira. Neurketa guztiak diskutigarriak dira, bai, baina ez daukagu informazio-iturri hoberik, eta nik neuk errespetua diet neurketa horien emaitzei. Bat soziolinguistika aldizkarian argitaratuta daukat honen gaineko nire iritzia, “Mintza jardunaren egoera eta azken urteotako bilakera” artikuluan. Arnasguneen inguruan, Bat aldizkariak luze ez dela argitaratuko du ale monografikoa. Hor dago nire iritzia, beste hainbatenekin batera. Irakurri eta kritikatu, behar-beharrezkoa dugu kritika-eta.
• Arnasguneen inguruan zerbait zehazterik bai?
Garai batean normalak ziren arnasguneak gurean, baina gaur erabat hondar mailako fenomeno bihurtzen ari dira. Termino soziolinguistikoetan, osasun-egoera hoberenean dauden herriak dira arnasguneak; euskaraz egiten duten euskaldunak bizi dira haietan, eta horietan izugarri ari gara galtzen azkeneko urteotan. Ez gara konturatu, baina, eta konturatzen hasi garenerako oso berandu gabiltza.
• Egin genezakeena egin al dugu?
Geneukan aitzur eta palarekin askoz gehiago ezin genezakeen egin. Alde horretatik, erantzuna baiezkoa da. Kontua da, baina, guk etxe bat altxa nahi genuela eta horretarako pala eta aitzurra ez genituela nahikoa. Hizkuntza bat nola salbatu galtzetik? Horretarako jakin egin behar da, eta ezer gutxi genekien. Orain ere oso gutxi, harrigarri gutxi, erakusten du unibertsitateak honetaz. Gurasoek esandakoa genekien bakarrik: etorri zela kanpotik maisu bat eta erdaldundu zuela herria, eta beraz, maistra edo andereño euskaldun bat jarriz gero, euskaldunduko genuela berriro. Baina ez. Gipuzkoan ia eskola denak dira gaur D eredukoak eta fagozitoak eta abarrak ere euskaraz azaltzen dituzte eskolan, baina umeak zain-zain daude noiz jolastokira irtengo denak erdaraz hasteko. Guk geneukan paradigma teorikoa ahulegia zen, eta gainera, oso gora begira jarritakoa. 1978ko paradigman ainguratuta izan gara, eta zoritxarrez, han kateaturik jarraitzen dugu. Hobe esan, bagenuen ahuldutako hiztun-elkarteak indarberritzeko mekanismo nagusien berri izateko modurik, baina ez genion kasu egin, ez zetorrelako bat guk ikasi genuen aitagurearekin.
• Zer ulertu behar dugu, gaztelania ari zaigula nagusitzen?
Garai batean uste genuen goia konkistatu behar genuela. Egiten genuen euskaraz kalean, tabernan eta lagunartean, baina joaten ginen udaletxera, joaten ginen eskolara… eta dena zen erdaraz. Sinistuta geunden goi hori konkistatzen genuenean, listo geneukala dena, baina bitartean lurra mugitu zaigu. Galtzen ari garena ez da administrazioa, han lehen baino aukera hobeak dauzkagulako gaur euskaraz egiteko. Eguneroko arrunta ari gara galtzen. Konkistaren konkista-beharraz, azpirik gabe ari gara gelditzen.
• Zer herri-amets berri proiektatu beharko genuke datozen hogei urteetarako, batez ere gazte-jendea aktibatzeko? Gazte jende honek ‘Egunkaria’ eginda ikusi du, ikastolak eginda ikusi ditu, EITB ere bai...
Askotan amets egin dugu guk nahiko genukeen Euskal Herriaz eta amets horiek piztu egin gaituzte, emozionatu egin gaituzte, ilusioz bete gaituzte eta indartu egin gaituzte, hartan saiatzeko eginahal bizian. Horrelako ametsen adibide asko daude, baina nik batzuk aipatuko ditut: Zaldubiren 1893ko zazpi euskal herrien amets-proiektua, Azkueren bizialdi luzekoa, Eleizalderen 1918koa, Lizardiren 1931ko Eusko Bidaztiarena eta beste hainbat. Gure euskaltasunaren hauspo eta legami izan dira horiek. Ezin gaitezke, ordea, horietara mugaturik bizi. Azken ordukoetan zentratu gabe, Sabino Aranaren Hendaiako 1901eko gogoeta, Julio Urkixoren 1919koa, Seber Altuberen 1933ko eta 1936ko zehaztapen jakingarriak eta Mitxelenaren gogoeta-uzta ere erdi-erdian txertatu behar ditugu. Egosialdi berria eskatzen du horrek guztiak. Gustatu ala ez, eleaniztasuna gure marka-seinalea den gizarte honetan, ahaztu egin behar dugu denok euskaldun eta euskaldun elebakar izango garen hori. Gure errealitatea asumitu behar dugu, errealitate eleanitza. Gutako bakoitzak hizkuntza bat baino gehiagoz baliatu beharko du; kontua da, bat baino gehiagoko leku horretan euskarari bere tokia nola bilatu. Hor dago arazoa. Bi ideia lotu behar ditugu: Nola izan jator, autentiko eta euskaldun eta nola izan XXI. mendeko moderno. Horretarako, lehengo jatortasun-amesleek eta lehengo egunerokotasun modernoaren aldekoek erakutsi digutena birkonbinatu behar dugu. Lan handia da, baina gure seme-alabei eta bilobei opa diezaiekegun oparirik ederrena da.