Euskararen Egunaren eta Euskaraldiaren harira, Danobateko Euskara Batzordeak hainbat erkintza antolatu ditu aurten ere kooperatibako beharginentzat. Danobatek 2.000. urtean jarri zuen martxan Euskara Plana, enpresa barruan euskararen erabilera eta ezagutza bultzatu eta sustatzeko. Azken urteetan era askotariko ekintzak antolatu izan dituzte Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko eta aurten ere ez dute ohitura eten. Zuhaitz Gurrutxagak beharginentzako eskaini zuen hitzaldia izan zen ekitaldietako bat. BARRENeko kazetari Ainara Argoitiak eginiko galderak erantzun zituen telebistako aurkezle elgoibartarrak, ohi duen moduan umore onean. Euskaraldiari babesa adierazteko argazki erraldoia ere atera zuten Danobateko beharginek eta Goitikoek.
• Euskararen Eguneko lehiaketak IMHn
Beste hainbat sektoretan ere ospatu zuten Euskararen Eguna, Elgoibarren zein Mendaron. Hezkuntzan, esaterako. IMHk bi leihaketetan parte hartzeko gonbitea egin zien ikasleei eta lankideei, Danobat Lehiaketa eta IMHko "Zein ikaskide/lankide egiten du euskara ikusgarri" lehiaketak, hain zuzen ere. Bigarren lehiaketa horretan Errigorako otar baten zozketa ere egin zuten parte hartzaileen artean. Ikasleei dagokionez Oscar David Guzmanek irabazi du otarra eta lankideen kasuan Miren Pujana zikloetako irakasleak. Era berean, urtero legez, euskararen aldeko sentiberatze saioa ere egin dute IMHn euskara jakiteak mundu profesionalean dituen onurei buruz gogoeta egiteko. Ahize-AEKko Mikel Urdangarinenek eskaini zuen saioa. Korrikaren Klika bideoklip berria ikusiz amaitu zuten saioa.
Elgoibar BHI institutuko ikasleek ere ospatu zuten Euskararen Eguna. Batxilereko ikasleek Herriko Antzokian egin zuten jaialdia, eta DBHko ikasleak euskararen eguneko esaldi lehiaketaren harira banatu zituzten kamisetak jantzita ibili ziren.