Euskarazko produktuen katalogoa egiteko merkatuan dauden produktuen artean aukeraketa bat egin dute, eta berritasuna, egokitasuna eta kalitatea irizpideak kontuan hartuta atal ezberdinetan sailkatu dituzte produktuak. Produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ere zehaztu dute, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa ere egin dute. Ikastolako eta Herri Eskolako ikasleen artean banatu dute katalogoa, baina Interneten ere badago kontsultagai, www.katalogoa.eus webgunean edota Elgoibarko Udalaren webgunean, Euskara Sailaren atalean. Kanpaina honen bidez, euskararen transmisioan eragin nahi du Udalak, gurasoei euren seme-alabentzat lagungarri izango diren euskarazko produktuen berri emanez. Katalogoa etxean jaso ez duenak herriko liburu-dendetan, Kultur Etxean edota Gotzon Garate Udal Liburutegian ere jaso ahalko du.
• Betiko 50 kanta eta jolasen liburuxka-DVDa
'Jira Bueltan: Betiko 50 kanta eta jolas' liburuxka-DVDa ikastetxeetan banatuko du Elgoibarko Udalak, Lehen Hezkuntzako 1. mailan, hain zuzen. Liburuxkan, kanta eta jolasen letrak eta azalpenak datoz, diseinu koloretsuarekin eta hainbat irudirekin. Hori bai, aisialdian erabiltzeko ere oso aproposa da, guraso zein hezitzaileentzat. Gainera, liburuxka-DVDan datozen kanta eta jolas guztiak Ahotsak Ikasgelan web gunean ere jarri dira herritarren eskura.
Udalak 'Jira Bueltan: Betiko 50 kanta eta jolas' liburuxka-DVDa ere banatuko du herriko ikastetxeetan. Ahotsak.eus proiektua ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko sortu zuen Debarroko Badihardugu euskara elkarteak. Jasotako ondare aberats hori sutondotik ikasgeletara eramateko asmoz, 2011. urtean hezkuntzako proiektua jarri zuten abian, hainbat udaletan.
2015ean batu zen Elgoibarko Udala “ahotsak ikasgelan” proiektura, eta azken urteotan hainbat lan egin dituzte Herri Eskolan eta Ikastolan. Elgoibarren adineko batzuk ere grabatu ditu Badiharduguk, bertako kanta eta jolasak jasotzeko (bestela, adinekoen testigantza gehienak aurretik grabautakoak dira, urtez urte ahotsak.eus artxiboan jasotakoak). Eta liburuxka-DVD hau ibilbide horren emaitzetako bat da.
Debarroko lau udalen babesa izan du proiektuak: Elgoibar, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Eibar. Guztira, herri horietako 9 ikastetxetako 300 haur baino gehiagok hartu dute parte, Haur Hezkuntzakoak zein Lehen Hezkuntzakoak. 51 kanta eta jolas landu dira guztira. Adineko 60 lekuko baino gehiagoren testigantzetan oinarritu dira kanta eta jolas horiek, gehienak Debarrokoak.