1.547 elgoibartarrek eta 310 mendaroarrek eman dute izena Euskaraldian

Barren.eus 2018ko aza. 22a, 19:44

Euskal Herriko osoko 196.000 lagunek eman dute izena ahobizi edo belarriprest modura aritzeko 11 egunetan. Debabarrena eskualdean 6.000 lagunek eman dute izena Euskaraldian. Horietatik, %70ak ahobizi moduan eman du izena eta %30ak belarriprest moduan. Elgoibarren 1.547 dira izena emandakoak eta 310 Mendaron (*Gaur eta bihar izena emango dutenak kontatu gabe). Baionan egin berri dute, 18:30ean, Euskaraldiaren hasiera ekitaldia.

Bihar hasiko da Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa soziala. Euskal Herri osoan aldi berean egingo den ariketak hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzea du xede. Ariketan izena eman duten lagunek 11 egunetan ahobizi edo belarriprest rola beteko dute. Ahobiziek euskara ulertzen duten guztiei euskaraz berba egingo diete 11 egunetan eta ezezagunei lehen hitza euskaraz egin (ulertzen baldin badute, euskaraz jarraituko dute). Belarriprest rola hartu dutenek, berriz, euskaraz berba egiteko gai diren mintzakide guztiei euskaraz hitz egiteko gonbitea egingo diete. Ariketa sozial handia izango dela azpimarratu dute antolatzaileek. Elgoibarren barixaku arratsaldean egingo dute Euskaraldiaren hasiera ekitaldia, 18:30ean, Maalan.

 • Izen-emate datuak

 Irailaren 20an ireki zen izen-emate epea oraindik itxi ez den arren (Euskaraldiko lehen egunetan irekita egongo da ariketara batzen diren azken orduko lagunek izena eman ahal izan dezaten), bihartik aurrera ahobizi eta belarriprest modura arituko diren partaideen datuak eman dituzte gaur Baionan egin den aurkezpen ekitaldian.

Izena emateko bi baldintza bete behar zituzten partaideek: 16 urte baino gehiago izatea eta euskara ulertzeko gai izatea. Euskal Herriko 405 herritan eta ehunka entitatetan egon da izena emateko aukera, batzordeetan aritu diren milaka boluntarioei esker.

Guztira 196.000 lagunek eman dute izena Euskaraldian, parte hartze zabala izango da beraz bihar martxan jarriko den ariketan. Partaide horietatik %74ek eman dute ahobizi modura jarduteko izena eta %26 arituko da belarriprest rolean.

Lurraldez lurralde, hauek dira partaidetza datuak:

  • Araban 17.500
  • Bizkaian 68.500
  • Gipuzkoan 84.000
  • Ipar Euskal Herrian 5.500
  • Nafarroan 20.500

Partaideen ezaugarriei dagokienez, izena eman dutenen %63a emakumezkoa izan dela azpimarratu da, eta, adinari dagokionez, 16 urtetik gorako adin guztietako belarriprest eta ahobiziek egingo dute azaroaren 23an hasi eta abenduaren 3an amaituko den ariketa. Bereziki azpimarratu da gazteen artean harrera oso ona izan duela ekimenak. Honela banatu dira izen-emateak adin tartearen arabera:

  • 16 eta 25 urte bitartean ditu izena emandakoen %18ak.
  • 26 eta 35 urte artean %18ak.
  • 36 eta 45 urte artean %28ak.
  • 46 eta 55 urte artean %19ak.
  • 56 eta 65 urte artean %12ak.
  • 65 urte baino gehiago %5ak.

 • Ariketa: hizkuntza-ohiturak aldatzeko deia

Azken bi hilabeteetan herriz-herri eta entitatez-entitate jasotako babes zabala eskertuz ariketara batzeko deia eginez amaitu dute antolatzaileek Baionako ekitaldia. Atxikimendu handi hau herritarrak ariketa sozialean murgiltzeko akuilu izango da, Euskaraldiko bozeramaleen ustez. Izan ere, ariketaren oinarria ahobizi eta belarriprest rola hautatu duten partaideek beraien eguneroko bizitzan harremanetan inertziak apurtu eta hizkuntza-ohiturak euskararantz ekartzea da. Horregatik, partaide guztiei ariketari ilusioz eta sendo heltzeko deia egin diete.

 • Erantzun zabala Debabarrenean

Euskaraldiak erantzun zabala izan du Debabarreneko zortzi herrietan: Mallabin, Ermuan, Eibarren, Soraluzen, Elgoibarren, Mendaron, Deban eta Mutrikun. 6.000 lagun baino gehiagok eman dute izena. Antolatzaileak gustura daude ekimena debabarrendarren artean lortzen ari den zabalkundea ikusita: “Bailarako jendartean nabaritzen ari da Euskaraldia. Somatzen da ariketa egiteko ilusioa. Espero baino jende gehiagok dihardu izena ematen. Gainera, ikusten ari gara, orain arte hurreratu ez den jende asko ari dela hurreratzen Euskaraldira. Behin eta berriz egiten dihardugu geure buruari galdera: ‘hau ere bai?!’. Aniztasun handia ikusten ari gara izena ematen dihardutenen artean eta hori oso positiboa da”.
Formakuntza eta txapak
Ekimenaren gaineko informazio eta aholkuak zabaltzeaz gain, hainbat herritan, berariazko formakuntza-saioak eskaintzen dihardute izena eman duten herritarrei: Mendaron, Mallabin eta Mutrikun “Biziprest” saioak burutu dituzte, UEMAk -Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak- eskainita; eta, Deban, Ermuan eta Soraluzen, ahobizi eta belarriprestendako formakuntza-saioak egiten dihardute. Horrekin batera, aholkuz eta azalpenez osatutako eskuorri eta ikusentzunezkoak ere ari dira zabaltzen.