18:30ean hasiko da Euskaraldia ariketaren hasiera ekitaldia, barixakuan, Maalako parkean eta orduerdi inguruko saioa izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Hitza izango da ekitaldiaren ardatza. Ariketan parte hartzeko izena eman duten hiru lagunek ariketaren atarian zelan dauden azalduko dute, eta Euskaraldia Talde Eragileko bi lagun ere igoko dira Maalako eszenatokira azken aholkuak ematera. Elgoibarko hamaikako ofizialak eta elkarte-erakunde sustatzaileetako ordezkariek ere hartuko dute parte ekitaldian.
• Atzera kontua eta 11 suziri
Atzera-kontuarekin irudikatuko dute Euskaraldia ariketaren hasiera. 11tik zerora ailegatutakoan 11 suziri jaurtiko dituzte eta Maalan batutako lagunek denek batera jarriko dituzte paparrean ahobizi eta belarriprest txapak. Izan ere, txapa agerian jarrita eraman beharko dute 11 egunez Euskaraldian izena eman dutenek. Ahobiziek euskaraz egingo diete euskara ulertzen duten guztiei, eta belarriprest rola aukeratu dutenek, berriz, beraiei euskaraz egiteko gonbita egingo diete euskaraz dakitenei.
Euskaraldia Taldekoek esan digutenez, "hizkuntza ohiturak aldatzea ez da erraza; baliteke dena ez irtetea nahi dugun moduan. Baina ez etsi. Eutsi egin behar diogu. Ekitea da garrantzitsuena. Egitea. Eta egiten dugunarekin eroso eta gustura sentitzea", azaldu dute.