Ostiraletik aurrera jaso daitezke Mendaron Euskaraldiko rolen txapak

Barren.eus 2018ko aza. 8a, 13:33

Euskaraldia ariketa sozialean parte hartzeko izena eman duten mendaroarrek barixaku honetatik aurrera jaso ahal izango dituzte Ahobizi eta Belarriprest izateko txapak. Euskaraldian parte hartuko dutenentzako formazio saioa egingo dute azaroaren 13an. Dagoeneko 141 lagunek eman dute izena Mendaron.

Mendaroko Euskaraldia taldekoek jakinarazi dutenez, Euskaraldian izena eman duten mendaroarrok udaletxeko harreran jaso ahal izango dituzte txapak astelehenetik aurrera (azaroak 12) edo ostiral honetan eta hurrengoan (azaroak 9, 16), 18:00etatik 20:00etara, jubilatuen ondoko lokalean.

Izan ere, hurrengo bi ostiraletan, jubilatuen ondoko lokalean izango dira ariketan parte hartu nahi duten herritarren izen-abizenak hartzen. Gogoratu dute, hala ere, Online ere eman daitekeela izena www.euskaraldia.eus webgunean. Internetez izena ematen dutenek ere lokalean edo udaletxean jaso beharko dituzue txapak.

 • Euskaraldian parte hartuko dutenentzako formazio saioa, Mendaron

Zer egingo dugu Euskaraldia ariketak irauten duen 11 egun horietan? Zelan jokatu egunero Ahobizi banaiz? Eta belarriprest banaiz, zer egingo dut? Zelan erantzungo dut egoera jakin batzuetan?... galdera ugari sor daitezke, eta horientzako erantzunak topatzeko prestakuntza tailerra egingo dute Mendaron azaroaren 13an (martitzena). Tailerra udaletxeko udalbatza aretoan izango da, 19:00etan hasita, eta Euskaraldian izena eman duten guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera. Ibon Aginaga UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko teknikariak zuzenduko du saioa.
Dagoeneko 141 lagunek eman dute izena Mendaron, eta kuadrillaz kuadrillako kanpaina hasi dute orain eragile taldekoek. Azaroaren 20an, berriz, Musika Eskolakoek frontoian egingo duten jaialdian izango dira, azken bultzada emateko prest.

∞Lotura duten albisteak: