Euskaraldia: 742 lagun daude izena emanda Elgoibarren eta 111 Mendaron

Barren.eus 2018ko urr. 26a, 13:05

Hilabete baino gutxiago falta da Euskaraldia ariketari ekiteko. Dagoeneko 742 lagunek eman dute izena Elgoibarren Euskaraldia ariketan parte hartzeko. Mendaron 111 dira izena emandakoak. Elgoibarren gainera 40 elkarte inguru dira, momentuz, Euskaraldia ariketarekin bat egin dutenak (argazki-bilduma dauka)

Oso atzean geratu da Euskaraldia ariketa Elgoibarren aurkeztu zuten eguna; 2017ko abenduaren 3an izan zen. Ordutik Elgoibarko Euskaraldia Taldean etengabe jardun dute lanean aurreikuspenak ondo betetzen ari direla azaldu dute.

Dagoeneko 742 lagunek eman dute izena Elgoibarren Euskaraldia ariketan parte hartzeko eta oso gustura daude orain arte ariketak elgoibartarren artean izan duen harrera eta erantzunarekin. Hala ere, azaroaren 23ra arte duten onena ematen jarraituko dutela diote, "ahalik eta jende gehien animatzeko izena ematera". Mendaron 111 lagunek eman dute izena orain artean, 95 lagunek Ahobizi izateko eta 16k belarriprest izateko.

Izena emango duen jende-kopurua garrantzitsua den arren, Euskaraldia ariketa kualitatiboa dela argi laga nahi dute sustatzaileek. "Hizkuntz ohiturak aldatzea da gure helburua. Kontua da euskaraz dakigunon artean euskaraz egitea azaroaren 23tik aurrera. Kontua da euskaraz ulertzen duenari euskaraz egiten hastea, berak erderaz erantzun arren. Euskara ulertu eta dakigunon artean euskaraz berba egiteko ohitura sustatzea da helburua. Izan ere, Euskaraldia ez da euskararen alde gaudela azaltzeko ekimen bat".

Ariketak proposatzen dituen bi rolei dagokienez, orain arte izena eman dutenen % 70ek ahobizi rola aukeratu dute Elgoibarren; hau da, ariketak iraungo duen hamaika egunetan euskaraz bakarrik egingo die euskaraz ulertzen duten guztiei. Belarriprest rola aukeratu dutenak, berriz, % 30 dira; hauek beraiei euskaraz egiteko eskatuko die euskaraz berba egiteko gauza diren guztiei, nahiz eta beraiek, kasu batzuetan, erdaraz erantzun.

 • Herriko elkarteen babesa

Bestalde, Euskaraldia ariketa gizarteratu eta jendea izena ematera animatzeko orduan herriko elkarte eta erakundeek (izan) duten garrantzia azpimarratu nahi dute. "Herriko 40 elkarte inguru dira, momentuz, Euskaraldia ariketarekin bat egin dutenak eta beraien lana azpimarratu eta txalotu nahi dugu".

Amaitzeko, Elgoibarko Euskaraldia Taldeak 16 urte beteta izan eta euskara ulertu edota dakiten elgoibartar guztiak animatu nahi ditu Euskaraldia ariketan izena eman eta parte hartzera. Azaroaren 23ra arte egongo da izena emateko aukera.

Izena emateko:

  • www.euskaraldia.eus web orrian
  • elgoibar@euskaraldia.eus e-postan
  • Elgoibarko Euskaraldia Taldeak San Frantzisko kalean zabaldu duen lokalean.