Euskaraldia ariketaren entsegua egin dute DanobatGroupen ia 500 langilek

Barren.eus 2018ko urr. 10a, 08:32

Euskaraldia praktikan jarri duten aurrenetarikoak izan dira DanobatGroupeko beharginak. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herri osoan egingo den ekimenari "ekarpena" egin nahi izan diote DanobatGroupeko zazpi kooperatibetan, eta Euskaraldia lantokietara eraman zuten urriaren 1etik 5era bitartean.

Egun horietan, dinamikan izena eman duten 493 lankideek Ahobizi edo Belarriprest rolak aukeratu zituzten, eta bost egunez adierazi zuten aukeratu zuten rola paparrean erantsitako pegatinen bidez. Ahobizi eta Belarriprest irudi ofizialetan oinarrituta, euren pegatina propioak diseinatu eta egin zituzten, enpresaren koloreak erabilita. Bakoitzak hartu duen konpromisoaren arabera jokatu zuen egun horietan, laneko testuinguruan ohikoak diren egoera guztietan.

2018 10 09 euskaraldia danobat logoak ahobizi belarriprest

 • 395 Ahobizi eta 78 Belarriprest

Guztira 1000 behargin ingurk egiten du lan DanobatGroupen, eta horietatik Euskaraldian izena eman duten 493 lagunetatik 395k Ahobizi izatea aukeratu zuten eta 78k Belarriprest. Ahobiziek konpromisoa hartu zuten euskara ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egin eta ezezagunei lehen hitza euskaraz egiteko. Belarriprestek, aldiz, gainerakoei eskatu zieten beraiei euskaraz berba egiteko, beraien erantzuna euskaraz edo gaztelaniaz izan arren.

DanobatGroupen eta Euskaraldiaren prestaketa-lanetan eta Euskara Batzordeetako kideez gain, 48 lankidek parte hartu zuten dinamikaren inguruan antolatutako formazio saioetan, eta ondoren eragile gisara aritu dira langileen artean dinamikaren zabalkundea egiten.

 • Esperientzia "oso positiboa"

Egun hauetako esperientzia "oso positiboa" izan dela jakinarazi dute kooperatibako arduradunek, elkarren arteko hizkuntza ohiturak aldatzea posible dela ikusi dutelako. "Euskarazko elkarrizketa gehiago entzuteaz gain, elkarrizketa elebidunak ere (mintzakide batek euskaraz eta besteak gaztelaniaz) uste baino naturalago eta maizago gertatu dira", azaldu dute.
Urteak pasa dira kooperatibak euskalduntzeko lanari ekin zionetik. "Gaur egun euskararen presentzia asko handitu da lantokietan eta bulegoetan, euskaraz lana egiteko aukera bermatzen da —hein handi batean—, onartuta daude hizkuntza politika, irizpideak eta hizkuntza eskakizunak, eta bitartekoak eskaintzen dira enpresan bertan euskara ikasteko".

Hemendik aurrera ere bide beretik jarraitu nahi dute, eta DanobatGroup-ek ere bat egingo du azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarteko Euskaraldiarekin eta ahalegina egingo du langileen artean eragina izan dezan lan orduetan.

 • Hitzaldia Euskaltzaindiaren biltzarrean
Euskararekin zerikusia duten gaiekin jarraituz, DanobatGroupek Euskaltzaindiaren biltzarrean hartu zuen parte. Euskara batuak 50 urte bete ditu, eta urteotan egindako ibilbidea eta etorkizunerako erronkak aztertu zituzten hiru eguneko biltzarrean. Hainbat atalez osatuta zegoen biltzarra, eta lanbideen ingurukoan, DanobatGroupeko ingeniari Ibon Serranok hitzaldia eman zuen, “Euskara batuaren erronkak makina-erremintan: asko egin dugulako daukagu asko egiteko” izenburupean.
Ibon Serranok azaldu zuen azken 20 urteetan DanobatGroupeko kooperatibetan eta sektore osoan aurrerapauso nabarmena eman dela, euskara planei esker. Horren adierazgarri dira, besteak beste, DanobatGroupek sortutako Makina Erreminta Hiztegia eta Tailerreko Eskuliburu Teknikoa. Euskara batuaren erabilerari eta prestigioari dagokionez, aurrerapauso handiak egin badira ere, etorkizunerako hainbat erronka planteatu ditu DanobatGroupek industria sektorerako.

2018 10 09 euskaltzaindia danobatgroup ibon serrano

∞Lotura duten albisteak: