Elgoibarko Udalaren eta IMHren arteko euskara sustatzeko hitzarmena berretsi dute

Barren.eus 2015ko mai. 11a, 19:29

Udalak eta IMHk sinatu duten lankidetza hitzarmenari esker, Elgoibarko Udalak 3.000 euro emango dizkio IMHri 2015ean, Goazen proiektuaren jarduera finantzatzen laguntzeko. Goazen egitasmoaren helburu nagusia da euskararen erabilera sustatzea eta makina erremintaren sektorean eragitea, euskararen erabilera sustatzeko urratsak emanaz, besteak beste, 30+10 mintegia, enpresei eskainitako prestakuntza eta zerbitzuak euskaraz areagotzea edota proiektuak euskaraz sustatzea.

Udala eta IMHren arteko lankidetza hitzarmena sinatzearekin batera, IMHren Goazen planaren 2014 urteko balantzea eta 2015eko helburuak aurkeztu dituzte, gaur goizean, Elgoibarko Udal Pleno Aretoan. Ekitaldian parte hartu dute Alfredo Etxeberria Elgoibarko Alkateak, Ane Beitia, Udaleko Euskara batzorde buruak, Joxean Egaña, Makina Erremintaren Institutuko zuzendariak eta Edurne Bilbao, IMHko hizkuntza koordinatzaileak.

• Euskararen presentzia prestakuntza eta zerbitzu guztietan

 IMHko arduradunek adierazi dutenez, 2003tik hona euskara proiektuan egindako lanari esker euskararen presentzia IMHko prestakuntza eta zerbitzu guztietan “nabaria” da eta “bermatuta” dago, heziketa ziklo, ingeniaritza duala, prestakuntza iraunkorra, giza baliabideen aholkularitza eta ETEentzako berrikuntza zerbitzuen negozio unitatean besteak beste, "bakoitza bere mailan".

Ahalegin hau erakundeen laguntza eta elkarlanari esker izan dela nabarmendu dute, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta hasieratik Elgoibarko Udala urtero laguntzen baitu Goazen plana.

IMHk barne erabilera sustatzeaz gain, kanpora begira eragile lanak egiten ditu, enpresa zein erakundeekin elkarlanean traktore izateko eta hauetan euskararen erabilera sustatzeko ahaleginetan ere.

2015 urte berezia da IMHrentzat, Fundazioaren sorreraren 25.urteurrena betetzen baitu eta euskarari dagokionez, 2005-2015 epealdia osatu baita. “Epealdi baten amaieran eta berri baten hasieran aurkitzen gara, eboluzionatzen jarraitzeko aukera ikuskatuz”, esan du Joxean Egañak.

Goazen planaren datuak:

Zerbitzu orduek gora egin dute (%46): Asmaolan mantendu egin da ehuneko altua eta besteetan igo egin da, guztira 49.257 zerbitzu-ordu izan dira euskaraz.

Lan-hizkuntzari dagokionez, orokorrean ehuneko "altuak" direla eman dute aditzera (ahoz %62 eta idatziz %46), baita euskaldunen arteko erabileran %(73 ahoz eta idatziz %63) ere. 2003ko erabileraren %32 urrun gelditu dela ohartarazi dute, eta aldiz, 2015erako aurreikusitako %65 gertu. Gogoratu behar da datu hau langileek emandako iritzietan oinarritzen dela, beraz balio absolutuak baino joerak hartzen dituzte kontuan.

2015 05 11 imhudalahitzarmena1