Euskaraldia ariketan parte hartzeko izen-emate ofiziala gaur zabalduko dute

Barren.eus 2018ko ira. 20a, 09:17

Elgoibarko Euskaraldia Taldearentzat egun garrantzitsua izango da gaurkoa. Lehenik, Elgoibarko hamaikakoa aurkeztuko dute Kalebarren plazan. Gero, lokala inauguratuko dute, eta horrenbestez, Euskaraldia ariketan parte hartzeko izen-emate ofiziala irekiko da. Uxue Alberdik idatzi dituen koplekin eginiko grabazioa ere zabaldu dute.

Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzeko beste urrats "garrantzitsu" bat emango dutela gaur jakinarazi dute Elgoibarko Euskaraldia Taldeko kideek. Hiru izango dira gaurko antolatu duten ekimenaren helburu nagusiak.

Lehenik, Elgoibarko hamaikakoa aurkeztuko dute, 19:00etan, Kalebarren plazan. Ekimenera batu eta Euskaraldia ariketaren enbaxadore izango diren hamaika lagunen taldea, alegia. Hamaikakoa aurkeztu ostean, Euskaraldia ekimenaren lokala inauguratuko dute. San Frantzizko kaleko 11. zenbakian izango dute lokala, Muebles Anton zegoen tokian. Lokala inauguratzearekin batera, Euskaraldia ariketan parte hartzeko izen-emate ofiziala irekiko da. Hiru bide daude informazioa jaso eta izena emateko:

  • Lokalean (irailaren 20tik aurrera)
  • elgoibar@euskaraldia.eus helbidera idatzita
  • 943 741 616 / 643 499 169 telefono zenbakietara deituta

 • Euskaraldiari eskainitako koplak
Euskaraldia ariketari lotutako koplak sortu eta grabatu ditu Elgoibarko Euskaraldia Taldeak. Uxue Alberdik idatzi eta kantatu ditu koplak, albokarekin eta panderoarekin Aitor Novak jardun du, eta grabazio-lanak Ander Mujikak egin ditu.

 2017 12 03 euskaraldia berrarriprest ahobizi

∞Lotura duten albisteak: