Euskaltzaindiko batzorde eta lantaldeetan aspalditik lanean ari dira euskaltzain urgazle izendatu berri dituzten hamabi lagunak. Euskaltzaindiak uztailaren 20an Bilbon egin zen Osoko bilkuran izendatu zituen honako hauek: Andres Alberdi Gorostiaga, Irene Arrarats Lizeaga, Xabier Perez Mendizabal 'Euzkitze', Josu Pikabea Torrano eta Luis Mari Zaldua Etxabe gipuzkoarrak; Jon Aizpurua Espin, Ainhoa Arregi Saratxo, Asier Bidart Meabe, Agurtzane Elordui Urkiza eta Gotzon Lobera Revilla bizkaitarrak; eta Ipar Euskal Herriko Céline Mounole Hiriart eta Allande Socarros Estekondo.
Euskaltzaindiak gogora ekarri du 2016an izendatu zirela azken euskaltzain urgazleak, hain zuzen, Araba eta Nafarroari dagozkionak. Euskara kontserbatzeko, zaharberritzeko, denbora eta zeregin berrietara egokitzeko ardura izango dute urgazle berriek, besteak beste.
Euskaltzain urgazle berrien profil laburrak ere zabaldu ditu Euskaltzaindiak euskaltzaindia.eus web orrian. Hau da Andres Alberdiri dagokion profila:
- Andres Alberdi Gorostiaga (Getaria, 1950). 2007tik Euskaltzaindiko Zientzia eta Teknika Hiztegian, Corpus batzordean eta Euskara Batuaren Eskuliburuan aritu da. Filosofian lizentziaduna eta Elgoibarko Institutuko euskara-katedraduna izan da. Urte luzez, Elgoibarko Euskara Mintegiko koordinatzaile eta, elkarlanean, Bigarren Hezkuntzako euskara eta literaturako dozenatik gora ikaslibururen egilekide. Hezkuntza Saileko EIMAko estilo-liburuaren koordinatzaile eta egilekide ere izana. Gaur egun, Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburua batzordearen koordinatzaile eta erredaktore. Azken idazlanak: 'Oinarrizko gramatika' (2008) eta 'Ahoskera' (2014).