Eguenean, uztailaren 19an, ohiko udalbatzarra egin zuen Elgoibarko Udalbatzak eta euskararen gaiak presentzia nabarmena izan zuen gai zerrendan. Izan ere, Udalbatza osatzen duten udal taldeetako ordezkariek aho batez onartu zituzten, alde batetik, Euskaraldiaren Udal Adierazpena eta bestetik, Elgoibarko Udalaren Euskararen Erabilera Plana 2018-2022 aldirako.
Euskara planaren helburu nagusia Udalean euskararen erabilera indartzea eta areagotzea da, zerbitzu eta lan hizkuntza modura, euskararen erabilera bermatu eta herritarren hizkuntza eskubideei erantzun ahal izateko.
Euskara planak, hori lortzeko, landu beharreko ildo estrategikoak jasotzen ditu. Hala, lehentasuna eman nahi dio dokumentuak euskaraz sortzeari, eta baita lankideen arteko ahozko erabilera sustatzeari ere. Horrez gain, Udalak badaki, oraindik ere, "gaztelaniak presentzia dezentea" duela hainbat enpresa hornitzailerekin duen harremanean, eta pixkanaka, hutsune hori gainditu eta euskararen erabilera bultzatu nahi du.
VI. Erabilera Planaren helburu orokorrak:
- Elgoibarko Udalaren esparru guztietan euskara zerbitzu hizkuntza izango dela bermatzen jarraitzea, eta hobetu beharreko arloak identifikatu eta horietan eragitea. Hau da, herritarrek Elgoibarko Udalarekin dituzten harremanetan, ahoz zein idatziz, hizkuntza ofizial bat zein bestea, erabiltzeko eskubidea bermatzen jarraitzea.
- EAEko beste administrazioekiko harreman hizkuntza euskara izatea sustatzea, ahoz zein idatziz, bereziki, Eusko Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin.
- Euskara Elgoibarko Udalaren lan hizkuntza izaten jarraitzea, ahoz zein idatziz, eta horretarako, prestakuntza eta baliabide egokiak ematea.
Bestalde, esan, Elgoibarko Udalean euskarak duen errekonozimendua lorpen kolektibo bat izan dela, ez dela legealdi batean edo bestean etorri, langileek eta arduradun politikoek urtetan egin duten lanari esker dagoela Elgoibarko Udala maila horretan, euskararen erabilerari dagokionez. Ez dugu ahaztu behar Elgoibarko Udalak urrezko Bikain ziurtagiria lortu zuela 2016ko abenduan.