Euskaraldiko hamaikakoa aurkeztu dute Mendaron ere

Barren.eus 2018ko uzt. 10a, 08:55

Mendaroko Udalarekin batera, herriko hainbat euskaltzale batu dira Euskaraldia sustatzeko talde eragilera, eta talde horrek izendatu du herriko hamaikakoa ere. Atzo aurkeztu zituzten Euskaraldiaren enbaxadore izango diren hamaika herritarrak edo hamaikakoa.

Adin, jatorri eta pentsaera ezberdineko hamaika lagunek osatzen dute Euskaraldiaren Mendaroko taldea, baina badute ezaugarri bat amankomunean: Mendaro euskaldunagoa egiteko gogoa. Honako hauek dira enbaxadore lanak egingo dituztenak, herritarrak parte hartzera animatuko dituztenak:

  • Lorea Cabello, Irati Mendikute, Gontzon Zulaika, Badr El Boughdadi, Saioa Andonegi, Javi Muñoz, Ana Aranda, Sonia Garcia, Jose Mari Riaño, Leonor Barreras eta Juanjo Rey.

Hizkuntza ohituretan eragitea eta euskal hiztunak aktibatzea ditu helburu azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo den Euskaraldiak. Euskaraz ulertzeko gai diren 16 urtez gorakoentzako ariketa da Euskaraldiak proposatzen duena eta izena eman beharko da. Izena ematen dutenek eurek aukeratuko dute nola parte hartuko duten eta zein txapa eramango duten paparrean, ahobiziarena edo belarriprestena, eta Mendaron ere euskaraz bizitzeko aukera handia dagoela bistarazi eta sentitzeko aukera eskainiko dute. Izan ere, 2016ko datuen arabera, hamar mendaroarretik zazpik dakite euskaraz, baina erabili %39,80k baino ez dute erabiltzen. 64 urtez gorakoak dira herrian euskaraz gehien egiten dutenak (%48) eta ondoren, umeak, 2 eta 4 urte artekoak (%44,10). Gutxien, berriz, gazteek egiten dute, iazko kale neurketa honen arabera: %9,80. Datuak kezkagarriak dira, bistan da, eta zer esanik ez datu horiek ezkutatzen duten hizkuntza erabileraren joera: Izan ere, euskara lehen hizkuntzatzat dutenen kopurua etengabe ari da apaltzen Mendaron. 1991. urtean biztanleen %64,3 ziren, eta gaur egun, berriz, %39,35.

Lotura duten albisteak: