‘Ameli, ipuin jostune’ ikuskizunarekin bukatuko da ‘Tertuliak’ programa

Barren.eus 2018ko eka. 26a, 10:35

Tertuliak programa amaitzeko ekitaldi berezi bat prestatu dute antolatzaileek. Ipuinak musikarekin jantzita entzuteko aukera izango da Ameli, ipuin jostune ikuskizunean, ekainaren 28an. Sarrera doakoa eta librea izango da.

Euskararen erabilera sustatzeko mintzapraktika programa da Tertuliak. 2017-2018 ikasturtean 48 lagunek eman dute izena, eta 10 tertulia-talde osatu dira. 37 ikasten aritu dira eta 11 laguntzen eta horien % 82 emakumezkoa eta %18 gizonezkoak. Ikasturtea berbetan eman ondoren, saio honekin entzuten gozatuko dute. Baina Ameli ez da bakarrik etorriko. Musikari batek lagunduta etorriko da, eta ipuinak musikaz jantzita gozatuko dituzte.

Ameli, ipuin jostune ikuskizuna 19:00etan hasiko da eguenean (ekainak 28), Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan. Tertuliak programari lotuta dago ekimena, baina ateak zabalik egongo dira nahi duten guztientzat. Honako hauek dira antolatzaileak: Elgoibarko Izarra, AEK euskaltegia, Udal Euskaltegia eta Elgoibarko Udaleko Kultura Saila.

2018 06 26 ameli ipuin jostune xirrikituenjostunek urjauzia