Euskararen erabilera sustatzea da Euskaraldiaren helburu nagusia eta horretarako bultzatuko da besteak beste euskaldunek beti lehen hitza euskaraz egitea. Herri bakoitzean hamaikako talde bana osatzen ari dira euskararen aktibazioa bultzatu eta ekimenaren gidari izateko. Mendaron, ostegunean egin zuten herritarren parte hartzea sustatzeko eta hamaikakoa osatzeko lehen deia. Mendaroko euskararen ezagutza eta erabilera datuak aurkezteko ere baliatu zuten aurkezpena.
2017an egin ziren kale erabilera neurketak eta batez beste biztanleen %39,80koa da erabiltzailea. 64 urtetik gorakoak dira gehien erabiltzen dutenak, %48,00; ondoren 2 eta 4 urte arteko umeak, %44,10; 25 eta 64 urte arteko helduek %38,80; eta gutxien 15 eta 24 urte arteko gazteek %9,80.
Ezagutzari dagokionez, 2016ko datuen arabera, mendaroarren %70,7koak daki euskara, eta 2011ko neurketetatik (%68,9) pixka bat gora egin badu ere aurrekoetatik izan da jaitsierarik.
Euskara lehen hizkuntzatzat dutenen kopuruak etengabe egin du behera horren adierazle da 1991n %70,1ekoa zela kopurua eta iaz 47,82koa eta neurraldi guztietan jaitsi dela.
Etxeko hizkuntza euskara den ere neurtu dute eta hemen ere jaitsiera egon da. Aurreko neurketatik (%40,2) oraingora (%39,35) gutxi jaitsi bada ere, 1991n kopurua %64,3koa zela hartu behar da kontuan.
Datu hauek guztiak kontuan hartuta euskararen erabilera sustatzeko Euskaraldia ekimenean parte hartzera gonbidatu nahi dituzte mendaroar guztiak, ahobizi (ahal den guztietan euskara erabiltzeko prest dagoena) edo belarriprest (euskara ulertzen duena) jarrerak erakutsiz.
∞Lotura duten albisteak
- Euskararen kale erabileraren inguruko lehiaketa martxan da Mendaron (2018-06-13)
- 'Euskaraldia' ariketa sozialerako 800 eta 1.000 parte hartzaile bildu nahi dira Elgoibarren (2018-05-31)
- Baina, zer da Euskaraldia? (2017-12-13)
- Euskararen erabileran bost puntu egin da behera Mendaron hogei urtean (2017-06-08)