Euskararen kale erabileraren inguruko lehiaketa martxan da Mendaron

Barren.eus 2018ko eka. 13a, 14:46

Euskaraldia egitasmoa aurkeztuko dute Mendaron ekainaren 21ean. Iaz Mendaron egindako euskeraren kaleko erabileraren datuak ere aurkeztuko dituzte aurkezpen horretan; eta, herritarren parte hartzea sustatzeko helburuarekin, lehiaketa edo kiniela bat prestatu dute. Zenbatekoa den euskararen erabilera Mendaron asmatu beharko da.

Euskaraldia, 2018ko azaroa eta abendua bitartean, 11 egunez, Euskal Herri osoko herrietan egingo den euskararen normalizaziorako ariketa soziala aurkeztuko dute Mendaron ekainaren 21ean. Jubilatuen lokalean izango da Euskaraldiaren Mendaroko abiatze saioa, 19:00etan.

•Euskararen erabilera asmatzeko kiniela

Aurkezpen horretan, Euskaraldiari buruzko xehetasunak aurkezteaz gainera, iaz Mendaron egin zuten euskeraren kaleko erabilera neurtzeko ikerketaren emaitzak aurkeztuko dituzte. Neurketako emaitzen harira, lehiaketa bat antolatu dute, erabilera datua zenbatekoa den asmatzeko kiniela, hain justu ere. Mendaroko Tabernetan banatuko dituzte kinielak eta bete ostean tabernetan jarrita egongo diren kutxetan sartu beharko dira. Ekainaren 20ra arte egongo da kinielak betetzeko aukera. Nahi adina bete ditzake bakoitzak. Saria (100 euro) Euskaraldiaren aurkezpenera bertaratutakoen artean zozketatuko dute.

∞Lotura duten albisteak: