201,9 kilometroko giza kate batekin elkarren eskuak eta zapiak elkartuz Donostia, Bilbo eta Gasteiz elkartu dituzte giza kate batekin 175.000 lagunek baino gehiagok. Erabakitze eskubidea aldarrikatzea helburu izanik, Eusko Legebiltzarraren atera eraman dituzte erabakitzeko eskubidearen alde herriz herri eta arloz arlo Gure Esku Dago-k bildutako 2.019 arrazoiak.
Elgoibarren 1.289 lagunek egin dute bat katearekin. Melitonen hasi eta Sigmara arte bi kilometro osatu dituzte eskuz esku. Sirena, bozina eta kanpai hotsez 12:00etan lotu eta 12:30ak bitartean herriko kaleetan barrena katearen zati bat pasatu da eta olatuak egiten aritu dira umeetatik hasi eta adinetakoetara arte.
Mendaroarrek errepidetik egin dute ibilbidea Intxarbakuntzako aldapan hasi eta Lanbi enpresara arte. 400 lagunek osatu dute Mendaroko kate-begia eta gero herri bazkaria egin dute.
Bi herrien artean beste hainbat kilometroren ardura izan dute eta Tolosaldeko hainbat lagunek osatu dituzte Elgoibar eta Mendaro arteko kilometroak, baita Deba alderakoak ere.
Gure Esku Dagoko Angel Oiarbidek euskal gizartea zoriondu eta eskertu du esanez, Euskal Herritarrak elkarrekin arituz lortu delako hau. "Erabakitzeko eskubidearen bidea luzea da, guretzako gaurkoa egun handi bat izan da baina entsegu txiki bat besterik, ezinbestekoa etorkizunari aurre egiteko etorkizunean erronka honi duintasunez aurre egiteko pauso garrantzitsua. Ez da hemen bukatzen euskal herritarrei dei egiten diegu elkarrekin pausoak eman etorkizuna eraikitzeko eta irabazteko dugulako", esan du Oiarbidek.