Euskararen sorrera aztertzeko batu dira Europako hizkuntzalariak Elgoibarren

Barren.eus 2018ko mai. 8a, 08:44

Euskararen jatorriari buruzko hamabigarren biltzarra egin dute asteburuan Elgoibarko Aubixa baserrian. Besteak beste, euskarazko eta Europako hizkuntzen leku izenetan dauden antzekotasunak izan dituzte aztergai.

Euskeraren Jatorria Elkarteak antolatuta, Euskararen Jatorriaren 12. biltzarra egin zuten zapatuan Aubixan. Euskera Europako ama hizkuntzan izan da aurtengo biltzarreko gai nagusia, eta Europako hizkuntzalariek hartu dute parte.

Guztira 53 lagun batu ziren Aubixan, hamalau hitzaldi entzuteko eta iritziak botatzeko aukera izan zuten. Gai askori buruz berba egin zuten biltzarrean, baina batez ere toponimia luze zabalean aztertu zuten. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aldea egon zen hizlarien proposamenetan: "batzuek landuagoak eta zentzuzgoak ziruditen eta beste batzuek ez hainbeste. Baina jarraitu behar da gaia lantzen, ikertzen eta proposamenak alderatzen eta horrela bidea egiten joango gara, Iruña-Veleiako grafitoak 29 txosten eta hainbat artikuluri esker argitu diren bezala".
Datozen egunetan ponentziak argitaratuko dituzte http://euskararenjatorria.net/ webgunean.

Angus j. Huck ikertzaile britaniarrak esaterako, euskararen aztarna pan-europearra izan zuen hizpide Aubixan, eta baita barixakuan Kultur Etxean eman zuen hitzaldian ere. Huck-ek protohizkuntzak ikertzen ditu, hau da, Europako jatorrian egon litekeen ama hizkuntza zein izan zitekeen aztertzen dihardu. Bere ustean egin duen ekarpen nagusiena da Bretaina Handian aurrehistorian hitz egin omen zen British Vasconic aurkitu izana da.
Euskal Herriko adituek ere hartu zuten parte biltzarrean, eta Europako toponimia proposamenak eman zituzten: Jabier Goitia Blancok (Eurasiatik bidaia), Jon Goitia Blancok (Euskera Europako toponimiaren elea) eta Jose Mari Ugaldeak (Euskal toponimia munduan). Hizkuntzalari horien ustez, orain arte eginiko ikerketa guztiek erakusten dute euskara ez dela hizkuntz isolatua. Juan Martin Elexpuruk esaterako, antzekotasunak aurkitu ditu euskararen eta sardinieraren artean.

• Ainhoa Lendinezen erreportajea
Ainhoa Lendinez kazetari elgoibartarrak biltzarrean parte hartu zuten zenbait adituren berbak jaso zituen Eitb-rako egin zuen ondorengo bideoan.