2017ko euskarazko komunikazio proiektu onenak saritu dituzte Argia Sarietan. Usurbilgo Atxega Jauregia jatetxean egin zuten sari banaketa ekitaldia, joan den barixakuan. Irratiko, interneteko, ikus-entzunezko, prentsa idatziko, sustapeneko eta merezimenduzko Argia Sariak banatu zituzten.
Ikus-entzunezko saria Uxue Alberdi elgoibartarrarentzat eta Aitzol Barandiaranentzat izan da, Euskal Herriko Bertsolari Txalpelketa Nagusiari Euskal Telebistan egindako jarraipenagatik."Erretransmisio hutsa egitetik harago, iruzkin aberatsak egin dituzte, artista errespetatuz, baina gakoak emanez ikusten eta entzuten ari ginena baloratzeko. Busti egin dira iruzkinetan. Ados egon ala ez, eskertzen du hori ikusleak", nabarmendu du epaimahaiak Alberdik eta Barandiaranek eginiko lanaz.
“Pozez” hartu dute Uxue Alberdik eta Aitzol Barandiaranek Argia Saria. Jarraipen zabala egin zaio telebista publikoan txapelketa nagusiari, eta “esfortzu eta ahalegin handia” izan dela aitortu du Barandiaranek, baita “arriskuak hartu” dituztela ere. “Programaren pisua edo mamia Uxuek eraman du, nik saioaren gidari-papera hartu dut”, aitortu dio Argiari Barandiaranek, eta eskertzekoa da rol ohikoetatik atera eta ikusleari aditu emakumea eskaintzea.
Sari emaileen iritziz, bertso-saioak beste begi eta belarri batzuekin ikus-entzuteko tresnak eskaini dituzte, egindako lana baloratzeko gakoak eman dituzte, azaldu dute artista zer egoeraren aurrean zegoen eta horrek zertan baldintzatzen zuen bere sormena... Langintza ulertzeko azalpenak eman, eta bakoitzaren ezaugarriak definitu dituzte. “Asko eta ondo busti da Uxue, errespetuz, eta lan bakoitza modu zintzoan baloratuz. Eta muga irristakor horretan kritika zintzoak egin ditu”, azpimarratu du Barandiaranek.
Emankizun hutsa egitetik urrun, gaian aritutako bi gazteek egindako lana saritu du Argiak.
2017ko Argia sarietan saritutako guztiak eta eginiko merituak argia.eus webgunean