Kolaboratzaile asko eta finak ditu bueltan, eta euren onena ema(te)n dute beti, dela letretan, iritzitan, edota dirutan. Garai zailak ezagututakoa zen orduko Elgoibarko Izarra. Itxi bai ala ez ere ibili ziren bazkideak, baina 1991n, garai berria hastea erabaki zuten eta proiektu erakargarri bat sortu premia zuten, elkartearen izena eta konfiantza berreskuratzeko. Inguruko herrietan estimu handia zuen proiektuan jarri zuten begia, euskarazko tokiko aldizkarian, eta halaxe sortu zuten BARREN astekaria, astakeria zirudiena egi bihurtuz. Tokiko komunikabideen loraldia zen.
• ‘BARREN’-ek lortu duena
25 urte beteko ditu BARRENek abenduaren 24an, eta esan gabe doa urte guzti hauetan herritarrek eta BARRENek hautsi ezineko harremana egin dutela. Herri mailako proiektu erreferente eta komunikatiboa da gaur astekaria eta BARRENi esker, elgoibartarron arteko distantziak lehen baino txikiagoak dira Elkarren berri ematen digun neurrian, Elgoibar lehen baino herriagoa da gaur, eta aldi berean, auzorik gertuena duen Mendarorekin ere sendotu du harremana. Mugak ere leundu ditu beraz, eta mundua ere txikiagoa da gaur, Elgoibartik kanpo bizi diren 380 lagunek jasotzen dutelako aldizkaria astero. Aipagarria da beraz herrigintzan egin duen ekarpena. Euskara hutsean izanda ere, BARREN ez da euskaldunentzat bakarrik; ezta soilik abertzaleentzat prestatutakoa, ez delako ideologia jakin batekin pentsatuta egin. BARRENi adin, sektore, ideologia eta klase guztietako jendeak zabaltzen dio atea barixakuro, eta harro esaten dugu Elgoibarko eta Mendaroko berri euskaraz jaso nahi duten guztientzat egindakoa dela proiektu hau; hitz bakarrean, proiektu irekia da. Baina ez da horretara mugatzen herrigintzari egindako ekarpena: BARRENek bestelako hedabideetan sekula lekurik izango ez luketen protagonistei egin die lekua. Erakutsi du denok dugula zer kontatua eta herria herritarrek egiten dutela. Askoren begietara anonimoak direnak izen-abizendunak dira BARRENentzat, benetako protagonistak Elgoibarko eta Mendaroko historian, eta haien ahotik osatu du bi herrion memoria bizia.
• Euskarari eman diona
Esan beharrik ez dago egin duen dena egin duela BARRENek euskararen alde. Are, erreferentzialtasuna irabaziz joan den hein berean, euskara jakitea beharrezko egin du Elgoibarko berri izateko. Izan ere, Elgoibarko hedabide herrikoi eta zabalduenak dioena ulertzeko euskara jakin behar da gaur. Baina poza, poza izanda ere, ez da beti erabatekoa. BARREN da etxe askotan sartzen den euskarazko argitalpen bakarra eta BARRENen irakurle direnen ehuneko handi batek ez du euskarazko beste aldizkaririk jasotzen. Pozgarria da erdal produktuen artean BARRENek lekua egin izana eta erreferentzialtasuna lortu izana, baina pena da euskarazko beste produktuek ez izatea gureak besteko estimurik. Nolanahi ere, bistan da BARRENek euskari izugarrizko ekarpena egin diola. Euskaraz irakurtzera eta idaztera ohitu ditu herritarrak, publizitatea euskaraz egin zitekeela erakutsi du, eta aldi berean, erdaldun asko ekarri edo gerturatu ditu euskararen mundura. Erakutsi du euskaratik eta euskaraz eginda, beste asko bezain interesgarri dela gure mundua. Hortaz, euskaldunon autoestimua -sarri horren ahul agertzen duguna- ere indartzeko balio izan du. Euskaraz irakurtzeko ez ezik euskaraz idazteko trebetasuna hartzen ere lagundu die BARRENek, esan bezala, herritar askori. Hamaika kazetariren lehen lantokia eta eskola izan da, baina
baita beste herritar askoren trebatze-eskola ere. Are, hezkuntzan diharduten profesionalek eskola-materialtzat ere erabili izan dute. Puntu honetan aipagarria da BARRENek kazetaritza-hizkuntza arautzeko 2010eko martxoan kaleratu zuen Estilo Liburua. Oier Narbaiza kazetari eibartarrak jaso zituen idaztarauok Estilo Liburuan, baina Jesus Mari Makazagaren eta Andres Alberdiren laguntza ezinbestekoa izan zuen lanketa horretan, bai eta Euskaldunon Egunkaria, Berria eta Goiena taldeko Euskara arduradunena eta hedabide horiek argitaratutako antzeko araudiena ere.
• Mendarori Zabalik
Elgoibarri lotuta eta elgoibartarrentzat sortu zuten proiektua 1992an, baina Mendarori ere zabaldu dio atea. 1993ko urriaren 1ean jaio zen Kilibarren Mendarorako hilabetekaria, Anton Zubiaurre (EAJ) alkate zen garaian. Urte askoan herritarrek eurek eutsi zioten proiektuari, harik eta 2001eko irailean BARRENeko lantaldeak bere gain hartu zuen arte hilabetekariaren gaineko ardura. Maria Longarte, Aingeru Gallastegi, Haritz Goikoetxea, Ziortza Urbieta, Iraide Loiola, Garbiñe Zabala, Alaitz Vives, Aitor Etxeberria, Mikel Garate eta Joseba Etxeberria batu ziren herritarrek osatutako hasierako lantalde hartara. Baina 2002a bitartean, kimu berri ugari izan zituen lantalde hark, eta gazte askoren eskola eta herri oso baten erakusleiho izan zen.
• Interneten, gero eta indar handiagoz
2006ko urriaren 26an sortu genuen BARRENen neba-arreba digitala, Elgoibarko eta Mendaroko berri emateko, eta pentsatzekoa zen bezala, tarte honetan izugarrizko bilakaera izan du Internetek. Gaur egun, sakelako telefonoetatik sartzen gara gehienok Internetera, eta gure webgunera datozen bisita gehienak sare sozialetatik datoz. Datu bat: Gaur egun / webgunera sartzen direnen %89 Facebooketik datoz, eta %9, Twitterretik. Facebookeko gure orrialdeak 2.257 lagun dauzka gaur egun, eta 1.100 lagunek jarraitzen gaituzte Twitter sare sozialean. Youtube da gure beste erreminta erabilia. Estreinako bideoak argitaratzen hasi ginenean -Elgoibarren.net izenez lehenengo eta barren.eus izenez gero- nobedade handia izan zen herritarrak eta herriko hainbat ekintza bideoan jasota ikustea, baina ohitu gara horretara. Azkeneko urteotan ahalegin berezia egiten ari gara bideogintza lantzen, jakin badakigulako sarean lekua irabazteko ezinbestekoa dugula, eta dagoeneko, 500 bideo baino gehiago dauzkagu zintzilikatuta. Ikustaldiak neurtzen ditu Youtubek, eta horri erreparatuz gero, barren.eus-ek erreferentzialtasunean nabarmen hobetu duela esan dezakegu. Badira, jakina, bideo batzuk, gaiagatik edo beste mila arrazoigatik, ikustaldi gehiago dituztenak, eta aurten, azaroan esegi genuen bat izan da ikusiena, San Roke auzoko etxebizitza batean izan zen sutearen harira egin genuena. 9.900 bat ikustaldi izan zituen, eta sareratu genuen egunean, Trending Topic izan zen Espainian. Hau da, Espainian egun horretan ikusienak izan ziren bideoen artean sailkatu zuten. Interneten egotea, baina, ez da nahikoa. Internetek sendo egon behar da, eta horrek beste lanketa bat eskatzen du, Internet uneoro ari delako berritzen, abiada bizian gainera. Eta hor dugu erronka. Gida komertziala, PDF bihurtutako BARRENak Elgoibar eta Mendaroko historia biziaren hemeroteka eta Komunitatea dira Interneteko gure atariko lau atal nagusi, eta ari gara fintzen eta garai berrietara doitzen, baina dena ez da guk nahi bezala irteten. Komunitatea atalean jarri genuen ilusioa eta itxaropena, baina ez du guk nahiko genukeen besteko eragina izan. Herriko norbanako eta elkarteei zabaldutako leihoa da Komunitatea, euren lanaren bozgorailu izateko BARRENek eskura jarritako erreminta, baina parte-hartzea ez da guk nahiko genukeen bestekoa. Eguneroko lanak eta haien lehentasuna beste bat izateak trabatzen du elkarte eta norbanako horiek guk nahiko genukeen maiztasunez ez idaztea. Komunitatea aktibatzen ahalegin berezia egin dugu, eta eutsiko diogu bide horri, sinistuta gaudelako herrigintzarako zubi garrantzitsua izan daitekeela
• Ospatzeko urtea
Abenduaren 24an, domekan, beteko dira 25 urte BARREN sortu zutela, eta ospatzea dagokigu orain, 25 urte ez direlako hola-hala betetzen. BARRENek egindako ekarpena gogorarazteko eta elkarrekin gozatzeko hainbat ekintza egingo ditugu urte osoan zehar. Hasiera, baina, urtebetetze egunean bertan emango diogu. Olentzerok aipamen berezia egingo dio BARRENi, eta gaurtik datorren urteko abenduaren arteko zenbaki guztietan, leku berezia izango du urteurrenak astekarian bertan. Anekdotak, sekula argitaratu gabeko kontu bitxiak, efemerideak... ekarriko ditugu gure orrialdeetara, eta astekarian protagonista izan direnak ere jarriko ditugu BARRENek azal-orrira eraman zituen egunekoak eta beste gogorarazten. Denok egin dugu, baina, BARREN eta lanketa horretan, herritarroi ere eskatuko dizuegu laguntza, parte-hartzea. Memoria ariketa da egingo duguna; jolasa da proposatzen duguna. Horrez gain, urtean zehar beste hiru ekintza nagusi ere egingo dira, herriari eskerrak eman eta herrigintzatik sortutako proiektu honek eman diguna erakusteko. Baina ez dezagun lehenengo kolpean dena esan. Jolas gaitezen. Zaudete bizi eta astez aste joango gara jolaserako argigarriak ematen. Baina goza dezagun ospakizuna eta jarrai dezagun elkarrekin urteak zenbatzen. Eta norbaitek nahiko balu, urteurreneko ekintzetan lagundu, datorrela BARRENera, erredakzioko atea zabalik aurkituko du-eta.
- Aldizkariaren 25 urteei buruzko erreportajea osorik BARREN aldizkariaren 1058. zenbakian (PDF)