Danobat enpresak ibilbide luzea du Bikain ziurtagiriari dagokionean. Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren sorreran, 2008an, zilarrezko Bikain ziurtagiria jaso bazuen ere, 2017an Eusko Jaurlaritzak bideratutako Euslan egitasmoaren baitan finkatutako erronka izan da urrezko ziurtagiria lortzea, eta bi eguneko ebaluazioaren ondoren emaitza urrezko ziurtagiria aitortu zaiola izan da. Era honetan, Danobat urrezko Bikain ziurtagiria lortu duen Debabarrenako lehenengo industria enpresa da.
Bikain Eusko Jaurlaritzak Euskalitekin lankidetzan ematen duen ziurtagiri ofiziala, publikoa eta doakoa da. Esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen du, hain zuzen ere. Ziurtagiriaren ia hamar urteko ibilbidean, 500etik gora izan dira ziurtagiri honen jabe egin diren erakunde publiko zein pribatuak, bai zerbitzu alorrekoak bai eta industriakoak ere.
DanobatGroup taldea osatzen duten gainerako kooperatibak ere badira zilarrezko ziurtagiriaren jabe, izan ere Elgoibarko IK4-Ideko Teknologia zentroak 2016an eskuratu baitzuen eta Soraluce eta Latz kooperatibek 2015ean, eta Goimek aurten.
Kooperatiba taldeak euskararen normalizazio prozesuan "ezinbesteko bidelagun" izan nahi du, eta arduradunen berbetan indarberrituta dago hizkuntzen kudeaketan lanean jarraitzeko, euskarari dagokion garrantzia eta lehentasuna emanda.
• Elgoibarren Bikain ziurtagiria duten entitateak
- Elgoibarko Udalak 2016an lortu du urrezko Bikain ziurtagiria
- IK4 Ideko enpresak 2016an jaso du zilarrezko Bikain ziurtagiria
- Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak 2015ean lortu zuen Urrezko Bikain Ziurtagiria.
- Elgoibar Ikastolak 2011n lortu zuen Urrezko Bikain Ziurtagiria
- Danobat Kooperatiba elkarteak 2008an lortu zuen Zilarrezko Bikain Ziurtagiria
- Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuak (IMH) 2008an jaso zuen lehen aldiz zilarrezko Bikain eta 2015ean berriro ere aurkeztu zen, eta zilarrezko Bikain sendoago lortu zuen, aurrekoa baino puntu gehiagorekin.