2017ko memoria eta 2018rako ildo nagusiak aurkeztu ditu Elgoibarko Izarrak urteko batzar orokorrean

Barren.eus 2017ko abe. 13a, 19:06

 
Martitzenean egin zuen Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea elkarteak bazkideen urteko batzar orokorra. Besteak beste, 2016an eta 2017an egindakoen memoria eta datorren urterako ildo nagusiak aurkeztu zituzten bazkideen aurrean. 

Bazkide asko bildu ez arren, Elgoibarko Izarrak eman die bere bazkideei 2016ko eta 2017ko dinamikaren berri.
Ezer baino lehen, elkarteko lehendakaria den Iñaki Kondek hartu zuen hitza, Batzarraren atzerapenaren zergatiak azaldu eta barkamena eskatzeko. Ondoren, Zuzendaritza Batzorde berria aurkeztu zuen lehendakariak. Honako hauek osatuko dute Zuzendaritza Batzordea. Bazkide militanteei dagokienez, Iñaki Konde, Aitor Lauzirika, Junkal Txurruka eta Julen Irizar izango dira kideak. Langile profesionalei dagokienez, berriz, Amaia Arrizabalaga, Ainara Argoitia eta Maialen Astigarraga izango dira kideak.
Lehendakariak Zuzendaritza Batzorde berria aurkeztu ondoren, langile profesionalen txanda etorri zen, elkarteko sailen berri emateko. Hedabadide Sailean BARRENen 25. urteurrena azpimarratu zuen Ainara Argoitiak, bestelako azalpenak ere eman bazituen ere. Maialen Astigarragak, berriz, Atxutxiamaikaren berri eman zuen, proiektu horrek dituen atal guztiak errepasatuz. Gurean Bai, Euskarak 365 Egun, Tertuliak, kulturgintza eta nazio mailako ekimenak etorri ziren ondoren, Ainara Argoitiaren ahotik. Amaitzeko, berriz, Amaia Arrizabalagak eman zituen diru-kontuen gaineko azalpenak. Ekonomiari lotutako urte txarrak pasa ondoren, Elgoibarko Izarraren egoera ekononomikoa asko hobetu da, eta 2016an 11.600 euroko emaitzarekin bukatu genuen; 2017a ere emaitza positiboarekin amaitzea aurreikusten da.
2018a ere urte interesgarria izango dela esanez eman zitzaion amaiera Batzarrari.
Informazio gehiago nahi izanez gero, ikus Batzar Orokorrerako prestatutako power pointa