Elgoibarko Euskarak 365 Egun Taldeak 'Euskaraldia' proektua aurkeztuko du abenduaren 3an

Barren.eus 2017ko aza. 27a, 14:16
 
   

Elgoibarko Euskarak 365 Egun Taldea 2013an sortu zen, eta ordutik elgoibartarron euskaltasuna aldarrikatzeko ekintzak antolatu ditu urtero-urtero, Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan. Aurtengoan, euskararen alde "egotetik" euskararen alde "egitera" pasako direla aurreratu dute.

"Elgoibartarrok euskararen alde gaudela aldarrikatzeko ekintza sinbolikoak izan dira 2013tik antolatu ditugunak, eta hiru ezaugarri izan dituzte: plaza publikoan izan dira, jendearen parte-hartzea izan da ardatza, eta jai-giroan antolatu ditugu", azaldu dute Elgoibarko Euskarak 365 Egun Taldeko kideek. Aurtengorako, baina, aldaketa iragarri dute. Orain arte euskararen alde zeudela esateko irten badira plazara, aurten euskararen alde egiteko bilduko dira. "Egotetik egitera pasako gara. Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera", esan dute.
• Kalegoen plaza jendez betetzeko deia
Hala, Euskaraldia izeneko egitasmoa aurkeztuko dute domeka honetan, Euskararen nazioarteko Egunean, Kalegoen plazan, 13:00etan. Azaldu dutenez, elgoibartarrok euskaraz gehiago egiteko proposamena da Euskaraldia. "Elgoibartarron artean euskaraz gehiago egiteko metodo berria da". Euskaltzaleon Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak prestatu dute proiektua, baina bestelako erakunde publikoek eta euskalgintza zibilak ere bat egin dute proposamenarekin. Elkarlanean sortu eta garatuko da Euskaraldia proiektua; hori da bere ezaugarri nagusietakoa.
Une honetan, Euskal Herriko lurralde guztietako 40 herritan lantzen dihardute proiektua, baina helburua ahalik eta herri gehienetara zabaltzea da.
Elgoibarko Euskarak 365 Egun Taldeak abenduaren 3an Kalegoen plaza jendez betetzeko deia egin die elgoibartarrei.

∞ Lotura duten albisteak: