Kirol entrenamenduetan, berriz, euskararen erabilera %56,6koa da. Udalak bi edo hiru urtetik behin egin ohi ditu horrelako neurketak, eta azken biak Soziolinguistika Klusterrak egin ditu. Aurten lehenengo aldiz haur eta gaztetxoen kirol entrenamenduetan erabiltzen den euskara neurtu nahi izan du Udalak. Neurketaren emaitza guztiak www.elgoibar.eus atarian daude ikusgai.Guztira, 3.559 elkarrizketa jaso dira (2014an 2.254) eta horietan solaskide izan diren 9.327 herritarren jarduna (2014an 6.246). Oro har, elkarrizketen % 35,9 izan dira euskaraz, beraz, 2014ko neurketarekin alderatuz, 3,8ko beherakada egon da. Kontuan izan behar da baina 2014ko neurketan baino 1.305 elkarrizketa gehiago jaso direla.
Elgoibarren, inguruko herrietan bezala, haurrak dira euskara gehien erabiltzen dutenak (% 55,3). Ondoren, helduak eta gazteak ageri dira, eta azkenik, adinekoak. Horren ondorioz, haurrak nagusi diren giroa da euskaldunena, paseo eta jolaslekuetan erabilera % 43,1ekoa izanik. Arduradunen iritziz, badirudi Elgoibarren euskararen erabilerak goia jo duela, azken zazpi urteotan %37 ingurukoa izan baita erabilera. Aldi berean, kezkagarria iriditu zaie, batez ere, gazteen eta helduen erabilera "eskasa", horietako asko euskaldun alfabetatuak direla kontuan izanik. Kezkagarria baita ere etxetik kanpoko familia giroan eta paseo eta jolaslekuetan eman den jaitsiera
• Ondorioa nagusiak
- Elgoibarko kaleetan entzundako elkarrizketetan 10etik 3,6 euskaraz izan dira.
- Euskara edo gaztelera ez diren beste hizkuntza batzuk ere entzun dira, %2,2.
- Giro batetik bestera alde nabarmenak daude euskararen erabileran. Paseo eta jolaslekuetan entzun da euskara gehien (%43,1) eta gutxien erosketa giroan (%23 inguru). Tartean dira ikastetxeetako irteeretako erabilera (%35,2), gazte giroa eta txikiteo giroa (30,8) eta etxetik kanpoko familia giroa (%28).
- Ikastetxeetako irteeretako datuen bataz bestekoa %35,2 bada ere, ikastetxe batetik bestera alde handiak daude. Ikasleen adinarekin lotura zuzena du ikastetxeetako irteeretan jasotako erabilera datu orokorrak.
- Oro har, neurtutako giro guztiak kontuan hartuta, haurrek (2-14 urte) gazteek (15-24 urte) baino dezente gehiago hitz egiten dute euskaraz; hurrenez hurren, %55,3 eta %25,1.
- Adinaren araberako hurrenkera honako hau da: Haurrek %55,3, helduek %32,5, gazteek %25,1 eta adinekoek %24,5.
- 2014ko neurketarekin konparatuz, haurrak izan dira erabilerari eutsi dioten bakarrak, gainerakoen erabilerak behera egin du, eta bereziki, gazteen artekoak, hemen jaitsiera 9 puntukoa izan da.
- Gazteen erabileran jaitsiera eman da, baina badirudi nerabeen erabilera urria (ikastetxeetako irteeran neurtu dena) gero pixka bat berreskuratzen dela gazte helduen erabileran (txikiteo eta gazte giroan), %25,1 izatetik %30,8 izatera pasa baita.
- Oro har, emakumezkoek (%39) gizonezkoek (%31,5) baino gehiago hitz egiten dute euskaraz kalean. Kirol neurketan ere hala izan da.
- Haurren presentziak nabarmen areagotzen du euskararen erabilera. Nagusiak bakarrik daudenean erabilera %22,7koa da, eta haurrekin daudenean erabilera %58,9koa izatera pasatzen da.
• Euskeraren erabilera kirol entrenamenduetan
Eskola kiroleko, eskubaloiko eta futboleko entrenamendu batzuk neurtu dira, eta adintartea 8-13 urte. Guztira 2.078 elkarrizketa jaso dira eta 6.118 solaskide. Euskararen erabilera orokorra entrenamendu horietan %56,6koa izan da. Entrenatzaileen erabilera %64,5ekoa izan da eta jokalariena %63,8koa baina entrenamenduak ikustera joaten den jendea ere neurtu da eta ikusle horien erabilera %34 ingurukoa izan da, beraz, horrek eragina izan du erabilera orokorraren datuan.
Kirol jarduera batetik bestera dagoen aldea nabaria da: Eskola kirolean ematen da erabilerarik altuena, %76,7koa, jarraian, eskubaloian, %59,6koa, eta azkenik, futbolean, %30,4koa.
• Ondorioak
- Kirol entrenamenduetan jaso den erabilera orokorra %56,6koa bada ere, azpimarratzekoa da bai jokalariek baita entrenatzaileek ere 63tik gorako erabilera erakutsi dutela.
- Badirudi adinean gora egin ahala, 11-12 urtetik gora, gaztelaniarako joera gehiago ematen dela.
- Kirol entrenamenduetan ere, emakumezkoek (%71,1) gizonezkoek (%47,6) baino gehiago hitz egiten dute euskaraz.