'Izan daiteke euskaltzalea feminista izan gabe?' hitzaldia, eguaztenean

Barren.eus 2017ko urr. 24a, 12:55

Euskalgintza eta feminismoa, eskutik helduta zikloaren barruan, Izan daiteke euskaltzalea feminista izan gabe? izeneko hitzaldia eskainiko dute Lorea Agirrek, Idurre Eskisabelek eta Ainhoa Mendibilek. Eguazten honetan, hilak 25, izango da.

Ainhoa Mendibil elgoibartarra izango da elkarrizketaren gidaria, eta galderari erantzuteko, berriz, Lorea Agirre (Beasain, 1968) eta Idurre Eskisabel (Beasain, 1970) gonbidatu dituzte Elgoibarrera zikloko antolatzaileek. Euskaltzalean eta feministak biak, eta gaiaren gainean asko teorizatu dutenak.

Lorea Agirrek honela azaldu du Elgoibarren eskainiko duten berbaldiaren mamia: “Euskararen normalizazioa eta genero berdintasuna antzekotasun asko dituzten bi prozesu pertsonal, sozial eta politiko dira. Euskal hiztuna eta emakumea subordinazioan daude. Bien aurkako menperakuntza moduak berberak dira, eta, beraz, subordinazioari aurre egiteko diskurtso eta praktikak partekatzea onuragarri izan daiteke. Bi prozesuek, sozialak eta politikoak direlako, justizia sozialarekin eta demokratizazioarekin lotura estua dute eta horregatik boteretze kolektiboaren bitartez, demokrazian sakondu eta biak ala biak subalternitate eraldatzaile unibertsal bihurtzeko bidea ireki daiteke”.

  • Elkarrizketa urriaren 25ean izango da, eguaztena, 19:00etan, Elgoibarko Kultur Etxeko hitzaldi-gelan.
  • Antolatzaileak: Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea, Elgoibarko Udaleko Euskara Saila eta Elgoibarko Udaleko Berdintasun Saila.
  • Laguntzaileak: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.

feminista euskaltzale hitzaldia elgoibar izarra v1

Lotura duten albisteak: