Korrikaren hasiera zuzenean emango du barren.eus atariak

Barren.eus 2015ko mar. 18a, 17:33

Urepelen abiatuko da Korrika bihar, martxoak 19, eta euskarazko hedabideek hasiera ekitaldi horretan telebista saio bateratu bat egitea erabaki dute. Barren.eus atarian zuzenean ikusteko aukera izango duzue, streaming bidez. 15:45ean hasiko da aitzin saioa, eta 16:00etatik aurrera izango da emanaldi nagusia. Gogoan izan astelehenean, martxoaren 23an, ailegatuko dela Korrikaren lekukoa Elgoibarrera (18:15ak aldera) eta Mendarora (19:10ak aldera).

 Korrikaren hasieran saio bateratua eskainiko dute euskarazko hedabideek. Elkarlanean ariko dira EITB, Kanaldude, Hamaika Telebista, 'Ipar Euskal Herriko Hitza' eta Berria, Euskal Irratiak, 'Kazeta.eus', ‘Herria’ eta Tokikomeko hedabideak, tartean barren.eus

16:00etatik aurrera izango da emanaldi nagusia. Ilaski Serrano ETBkoa eta Pantxika Maitia Kanaldudekoa izango dira aurkezleak Urepeleko platoan, eta, horiez gain, beste hedabideetako kazetariak berriemaile lanetan ariko dira platotik kanpo, Urepeleko giroa telebistara eramateko. 17:00etan abiatuko da Korrika, eta hasiera ekitaldia amaitu eta Korrika abiatzearekin batera amaituko da saioa.

Telebista saio hori ETB1 eta Hamaika telebista kateetan, Tokikom barruan diren tokian tokiko telebistetan, Euskal Irratietan eta Arrosa sarekoetan, eta beste hedabideen webguneetan izango da ikusgai. "Auzolana eta elkarlana dira Korrikaren oinarriak, eta euskarazko hedabideok gure egin ditugu oinarri horiek".