Euskararen erabileran bost puntu egin da behera Mendaron hogei urtean

Barren.eus 2017ko eka. 8a, 12:56

Euskaldunen kontzientzian eragin eta euskararen arnasguneak sendotzeko tailerraren bigarren saioa egin zuten martitzenean Mendaron. Udalak antolatu zuen tailerra, UEMArekin lankidetzan, eta Mendaroren indarguneak eta ahulguneak identifikatu, eta zuzendu edo hobetu beharreko puntuetan lehentasunezkoak zeintzuk ziren adostu zituzten tailerrera batutakoek.

Egoera iraultzeko eta Mendaro euskaldunago egiteko, hainbat ekintza ere proposatu zituzten taldean, Eneritz Albizu UEMAko teknikariaren gidaritzapean. Tailerrean parte hartu zutenak kezkatuta agertu ziren euskarak Mendaron izan duen apaltzearekin. Gero eta gazteago hasten dira haurrak erdaraz egiten eta euskaldunen artean, oro har, gero eta gehiago egiten da gaztelania. Euskaraz dakitenen kontzientzia apaldu egin dela nabarmendu zuten, euskararen aldeko ekimenik apenas dagoela eta herrira iristen diren etorkinek ez dutela sentitzen euskara ikasteko beharrik. “Garai batean Elgoibarrera Institutura hasten zirenean erdalduntzen ziren gure gazteak, 14  urterekin, baina orain Elgoibarrera joaterako erdaraz ari dira”, jaso zuten ahulguneetan.
Bost puntu behera euskararen ezagutzan
Datuek egiaztatzen dute sentsazioa baino gehiago dela. Soziolinguistika Klusterrak publiko egindako datuak eman zituen Albizuk. Euskararen ezagutzan bost puntu egin da behera hogei urtean, %73,4tik %68ra. Mendaroarren erdiek lehen hizkuntza dute euskara gaur, baina 1991. urtean herritarren %70,1 ziren.
Dena ez da, baina, txarra. Mendarok herri euskalduna izateko potentzialitate handia dauka. Lan egiteko eremua badago eta dinamika handirik egon ez arren, dagoena euskaraz da. Zerbitzuak eta ikastaro gehienak, adibidez, euskara hutsean dira. Era berean, herriko denda gehienetan badakite eta egiten dute euskaraz, eta herrian badaude pertsona erreferenteak, eta haiekin beti euskaraz egiten dute euskaldunek.