Elgoibarko Izarrak bazkide kanpaina hasi du

Barren.eus 2017ko maiatzaren 19a

Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak bazkide kanpaina hasi du. Bazkideak dira elkarteari tente eusten diotenak. Bazkiderik gabe ez dago elkarterik eta Elgoibarko Izarrak ere bazkideen babesa eta parte-hartzea behar ditu, Elgoibarren euskara eta euskal kultura indartzeko. Bi hilabetez, astero-astero, bazkide bat irtengo da BARRENen, galdera honi erantzuten: “Zergatik merezi du Elgoibarko Izarrako bazkide izateak?”.

Paula Heras izan zen bere arrazoia ematen lehenengoa, eta Aitor Nova gehitu zaio gaur. Novak ere argi dauka: "Merezi du Elgoibarko Izarrako bazkide izateak, Elgoibar euskalduna nahi dugulako, eta bide horretan funtsezkoa delako Elgoibarko Izarra. Zenbat eta jende gehiago bildu elkartearen bueltan, bidea politagoa izango delako; anitzagoa, eta denon artean helburua askoz lehenago lortuko dugulako"

Bazkide izateko hiru baldintza bete behar dira: elkartearen izaerarekin eta jardunarekin bat egitea, 18 urte beteta izatea eta bazkide-kuota ordaintzea. Hiru kuota mota daude: arrunta (45 euro), murriztua ikasle, langabetu eta jubilatuentzat (35 euro) eta kuota berezia.

Bazkide egiteko hiru modu daude: 943 741 626 telefono zenbakira deituta edota elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus helbidera idatzita edo Internetez, Elgoibarko Izarraren webgunean: http://www.elgoibarkoizarra.eus/elkartea/egin-zaitez-bazkide