Euskarazko hedabideek telebista saio bateratua egingo dute Korrikaren hasieran eta amaieran

Barren.eus 2017ko mar. 24a, 12:48

Korrikaren 20. edizioa abiatuko da martxoaren 30ean Otxandion, eta euskarazko komunikabideek saio bateratua egingo dute. Hedabide bakoitzaren webgunean —besteak beste, barren.eus-en—, ETB1en, Hamaikan, Xaloan eta Tokikom elkarteko telebistetan ikusi ahalko da saioa zuzenean Korrika hasiko den egunean, 16:00etatik aurrera.

1980. urtean jarri zituen lekuko batek lehen aldiz euskaldunak eta euskaltzaleak korrika, eta 17 urte geroago, hogeigarren edizioan ere, ez dira faltako hasiera horretako emozioa eta grina. Guztiok biltzen gaituen ekitaldi horren garrantzia aintzat hartuta, euskarazko hedabideek (BERRIA, EITB, Tokikom, Goiena komunikazio taldea, Hamaika, Kanaldude eta Xaloa telebista) irteeran eta amaieran, Otxandion eta Iruñean, elkarlanean telebista saio bateratu bana egitea erabaki dute, “Korrikak gizartean duen babesaren adierazle”.

Duela bi urte egin zuten estreinako aldiz maila bereko elkarlana euskarazko komunikabideek, Korrika Urepeletik (Nafarroa Beherea) abiatu zenean. Saioak izandako emaitza ona ikusita Bilboko amaiera ekitaldian berriro egitea erabaki zuten. Lekuko horri helduz elkartu dira, berriz ere, euskarazko komunikabideak. Auzolana eta elkarlana dira Korrikaren oinarriak, eta euskarazko komunikabideek ere bat egin dute aldarri horrekin, herritarrak euskarara batzeko AEK-k egindako gonbidapena onartuz eta sustatuz.
• Otxandioko saioa
Otxandioko saioa martxoaren 30ean 16:00etan hasiko da. Hedabide bakoitzaren webgunean, ETB1, Hamaika eta Xaloa telebista kateetan eta Tokikom elkartean dauden tokian tokiko telebistetan ikusi ahal izango da zuzenean. Ilaski Serrano ETBkoa eta Ekhiñe Atorrasagasti Hamaikakoa izango dira aurkezle, eta beste hedabideetako kazetariak berriemaile lanetan ariko dira. Elkarrizketak eta, batez ere, Otxandioko giroa eskainiko ditu saioak zuzenean. Korrikaren lehen kilometroak ere jarraitu ahal izango dira 20. Korrikaren abiatzea saioan.
Iruñekoa, berriz, apirilaren 9an izango da, eta hori ere hedabide bakoitzaren webgunean eta ETB2, Hamaika eta Xaloa telebista kateetan eta Tokikom elkartean dauden tokian tokiko telebistetan ikusi ahal izango da zuzenean, eguerdian. Saio horretan azken kilometroak eta amaiera ekitaldia jarraitu ahal izango dira. 20. Korrika amaiera Iruñean izena izango du.
Audientzia datu onak
Duela bi urte, Korrikaren amaieran Bilbotik egin zuten saio bateratuak ikusle datu oso onak izan zituen ETB2n: %6,5eko batez besteko kuota; euskaldunen artean, %11,1koa. Aurreko bi hilabeteetan egun eta ordu berean eman zituzten saioen kuota bikoiztu zuen emanaldiak, euskaraz eta ETB2n. Bestetik, mezuaren irrakurraldiaren uneak %14,3ko ikusle kuota izan zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; euskaldunen artean, %21,1ekoa.