Aukeratu euskaraz idatzitako blog gustukoena 'Blogetan!' lehiaketan

Barren.eus 2017ko ots. 24a, 14:35

129 blog aurkeztu dira Azkue fundazioak antolatu duen Blogetan! lehiaketara. Euskaraz sortzen diren blogak ezagutu, zabaldu eta sustatzeko helburua du lehiaketak. Martxoaren 10a bitartean zabalik izango da gustukoena den bloga aukeratzeko tartea.

Blogetan! Euskal blogariak lehian izeneko lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du Azkue Fundazioak, Argia aldizkariaren laguntzaz. Guztira euskaraz idatzitako 129 blog aurkeztu dira eta lau kategoriatan banatzen dira: kultura arloan izan da blog gehien bildu dituena, 58 blog aurkeztu dira eta. Kategoria honetan artea, diseinua, moda, sukaldaritza, musika, zinema edo literatura gaiak jorratzen dira. Beste kategoriatan, 27 blog aurkeztu dira aisialdiarekin lotutakoak, 21 gizarte eta politikan; zientzia eta teknologia arloan aldiz, 23 blog daude lehian.

• Botoa emateko aukera

Lehiaketaren fase berri bat jarri dute abian orain. Fase berri honetan sortzaile eta erabiltzaileek izango dute zeresanik eta horien eta epaimahaiaren botoekin lau kategoria horietako bakoitzerako hiru blog finalistak aukeratuko dira. Gogoko blogaren alde edozeinek eman dezake botoa. Botoa www.blogetan.eus-en bidez edo Twitterren bidez eman daiteke, martxoaren 10era arte.

Bost sari banatuko dira guztira. Lau kategoriei dagozkienak eta Argiak euskal blogari berriarentzat emango duen sari berezia.

 

∞ Lotura duten albisteak: