Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartuko da Mendaro

Barren.eus 2017ko urt. 12a, 12:39

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak batzar nagusia egingo du larunbatean, Larrabetzun, eta bertan, Mendaroko Udalak Mendaro UEMAko kide izateko egindako eskaera onartuko dute. Mendaroko Udala kezkatuta dago azken urteotan euskararen ezagutzak eta erabilerak behera egin duelako, eta joera hori irauli nahi du UEMAn sartuta.

Mendaroko Udalak urriko osoko bilkuran onartu zuen eskaera aurkeztea, EH Bilduko bost zinegotzien eta EAJko lau zinegotzien aldeko botoekin. Mendarorekin batera, Errezil, Ataun, Larrabetzu eta Areatza sartuko dira bihar Ueman. Osotara, 82 udal izango dira mankomunitatearen kideak, 240.000 biztanleko multzo euskalduna sortuz. Etorkizuneko Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari den erakunde publikoa da Uema, eta Euskal Herriko herri ezberdinek osatzen dute. Mendarok dituen biztanle kopuruaren arabera, bi udal ordezkari dagozkio Uemaren batzar nagusian.
• Euskararen ezagutzak eta erabilerak behera
Mendaro udalerri euskalduna da, baina 2011ko azterketa soziolinguistikoen arabera, biztanleen %69,9 dira euskaldunak eta azken urteotan euskararen ezagutzak eta erabilerak behera egin dute. Datu horrekin kezkatuta agertu da Udala, eta ahal den heinean beherazko joera irauli nahi du, Mendarok euskararen arnasgune izaten jarrai dezan.
Mendaroko alkate Sonia Garciaren berbetan , “asko galdu da garai bateko kaleko giroa. Ez da lehengoa. Herri txikia da Mendaro, baina duela 10-15 bat urte etxe berri asko eraiki ziren, eta kanpotik jende asko etorri zen, batez ere alboko herri handiagoetatik. Horrek eragin nabarmena izan du euskararen bilakeran eta beheranzko joeran, eta hori irauli nahi dugu”.

Agerraldia Larrabetzun

Agintaldi honetan UEMAko kide izatea erabaki duten 9 udaletako alkate eta zinegotziek agerraldia egin zuten martitzenean (urtarrilak 10), Larrabetzun. Enetz Ezenarrok ordezkatu zuen Mendaroko Udala.

mendaro umema enetz